Azaleko minbiziaren prebentzio kanpaina Orioko hondartzan grabatu du AECCk

Karkara 2018ko uzt. 21a, 11:45

Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak herriko hondartza aukeratu du spot berrirako. Kanpaina berriaren baitan, lurraldeko hondartza guztiak eta kostaldekoak ez diren beste udalerri batzuk bisitatu ditu -tartean Aian- eguzki esposizioarekin lotutako arriskuei buruzko informazioa emateko.

“Azaleko minbizia da mundu osoan ohikoena eta beste edozein tumore baino bizkorrago ari da ugaritzen. Hala ere, minbizia mota guztien artean, modu errazenean prebeni daitekeena da”, adierazi zuen kanpainaren aurkezpenean Maider Sierrak, AECC Gipuzkoako prebentzio arloko arduradunak. 

Zabaldu dituzten aholkuen artean, babesa bi orduz behin edo bainua hartu ondoren berritzea, begiak babestea eguzkitako betaurrekoak edo kapelu hegalzabalak erabilita edo hidratatzea, haurrengan eta adinekoengan arreta berezia jarrita. Lainotuta dagoen egunetan, eguzki-erradiazioa beste egun batzuetakoa bezain handia denean arriskuak bere horretan jarraitzen duela azpimarratuko du beste mezu batek. Hori dela eta, beharrezkoa da geure buruak berdin-berdin babestea eta, batez ere, erradiazio ultramorearen maila handieneko orduetan: eguerdiko 12:00ak eta arratsaldeko 16:00ak artean. Horrez gain, aholkuek nabarmenduko dute beharrezkoa dela azalaren azterketak egitea aldizka edo orban edo orinen kolorean, forman edo neurrian aldaketaren bat gertatzen denean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!