Rakel Delgado eta Josi Roig: "Arraunlarien panpinak egin, saldu eta erostera animatzen ditugu herritarrak; diru guztia Dravet gaitzaren ikerketara bideratuko da"

Ainara Lasa 2018ko uzt. 26a, 10:10
Rakel Delgado eta Josi Roig, Orioko arraunlarien orratz-panpinekin apaingarri gisara.

Gaur arratsaldeko 16:30ean, Dravet Sindromeko Fundaziokoek gaixotasunaren inguruko informazioa emango dute Orioko kirol portuko elkarte gastronomikoan. Bertan egongo dira, era berean, gaitz hori duen gaztetxo bat eta honen familia, beren bizipenak azaltzeko. Ondoren, diru-bilketarako elkartetik egiten ari diren orratz-panpinen elaborazioan laguntzeko informazio saio bat emango da. Deialdia aiar eta oriotar guztiei luzatzen zaie. "Laguntza oro ongietorria izango da".

Rakel Roig eta Josi Roig - Dravet Fundazioari laguntzeko, orratz-panpinak egitera animatu den Orioko talde bateko kideak.

Nola bururatu zitzaizuen arraunlarien orratz-panpinak egitea?
Rakel Delgado.
Ez zen gure ideia izan. Nire lankide baten ilobak, Dravet deritzon sindromea du. Lankideok eta bere familiak, Dravet Fundazioaren barne, orratz-apaingarri tematikoak egiten hasi ginen: Donostiako danborradakoak, San Fermin jaietakoak... eskuz egiten ditugu, eta izugarrizko arrakasta izan dute apaingarriek. Salmenta puntu desberdinetatik eskaerak iritsi dira, eta norbanakoek ere erosten dituzte; eskaera horren zabala da, ezin direla iritsi. Horregatik, nire alabaren gelakideen amen artean dugun Whatsapp taldean panpinen elaborazioan laguntzeko proposamena luzatu nuen. Eta hor hasi da gure kolaborazioa.

Josi Roig. Orain arraun denboraldia tarteko, eta Zergatik ez erronka aintzat hartuta, Zergatik ez ekimeneko emakumezkoen panpinak saldu ditugu; gizonezko arraunlarien panpinak ere ari gara egiten eta saltzen.

Zein preziotan saltzen dira panpinak eta non eskuratu daitezke?
R.D.
3 euroko prezioa dute. Orion, Arraun Elkarteko dendan eta Niko Tabernan daude salgai; Lasarten, Patxi Larrañaga harategian. Era berean, asteburuetako estropadak jokatzen diren herri bakoitzean, fundaziokoek postu bat ipiniko dute, eta hor ere izango dira eskuragarri.

J.R. Apaingarri bezala oso ederrak dira, eta gainera bildutako diru guztia, Dravet Sindromearen ikerketara bideratuko da zuzenean.

Erosteaz gain, eta gaurko informazio saioan zentratuz, nola lagundu dezakete aiar eta oriotarrek?
R.D.
Gaur 16:30ean egingo dugun saiora etortzera animatzen ditugu herritarrak. Bertan, Dravet Sindromeko Fundaziokoak egongo dira, baita gaitz hori duen mutiltxo bat eta bere familia ere, gaixotasunaren berri emateko. Ondoren, tailer moduko bat emango da, orratz panpinak nola egiten diren azaltzeko. Herritarron laguntza asko eskertuko genuke.

J.R. Modu askotan lagundu dezakete bizilagunek. Esaterako, gaurko saiora, josteko artazi batzuk eta pistola itsasgarri bat ekartzearekin lagunduko dute. Esku bat bota daiteke baita panpinak sortzen; gaur erakutsiko dugu nola egiten diren. Orratz-panpinak erostera ere etor daitezke arratsaldeko saiora; hurbiltzen ez direnek ere beste mila eratara kolaboratu dezakete. Salmenta puntuetara joan eta panpinak eros ditzakete; aldi berean, Orio zein Aiako establezimendurik interesatuta balego, bere negozioan jar ditzakete saltzen. Baina orain, garrantzitsuena da panpinak egitea, jendea behar dugu elaborazio lanetarako, ondoren, ahalik eta diru gehien bildu eta Dravet sindromearen ikerketara bideratzeko.

 

Orioko eta Aiako taldean parte hartzeko eta ekimenaren inguruko edonolako informazioa eskuratzeko:
Rakel Delgado (619 80 81 86)

Informazio gehiagorako: www.dravetfoundation.eu

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!