Vanessa Garcia: "Enpresek langileei eskatzen dizkieten gaitasunak lantzen ditugu, Hazilan proiektuan"

Karkara 2018ko uzt. 26a, 15:21
Ezkerrean enplegu teknikari Vanessa Garcia, uda elkarteko ekimen batean parte hartzen. (UKUE)

Urola Kostako Udal Elkarteko Hazilan proiektuko arduraduna da Vanessa Garcia oriotarra, eta irailetik aurrera martxan izango den ekimenaz hitz egin du.

Urola Kostako Udal Elkartearentzat eskualdeko ekonomia bultzatzea helburu garrantzitsua da, eta ildo horretan hainbat arlo jorratzen dituzte. Alde batetik, enpresa berriak sortzeko aholakularitza eskaintzen diete ekintzaileei, diru-laguntzen berri ematen diete, eta bideragarritasun planak egiten dituzte, besteak beste.

Bestetik, lana bilatzen ari diren herritarrei laguntzeko aholkularitza zerbitzu trinkoa ere eskaintzen dute, norberaren beharretara egokitua. "Askotan langabezian dauden lagunek ez dakite nora jo. Guk horien perfila eta nahiak ezagututa, beren potentziala identifikatzen dugu, eta helburuak markatzen laguntzen diegu", azaldu du Vanessa Garcia enplegu teknikariak. Horrez gain, curriculuma lantzen dute enpresentzat erakargarria izan dadin, eta lan elkarrizketak entrenatzen dituzte.

Udal elkarteko teknikariaren iritziz, lan bilaketa prozesuan murgilduta daudenentzat oso aberasgarria da bidelagun bat izatea, eta horretarako Hazilan proiektua jarri dute martxan. "Askotan akademikoki oso prestatuta egon ohi gara, baina ez ditugu trebatzen enpresek eskatzen dituzten konpetentziak. Guk enpresekin harreman zuzena dugunez, horien beharretara egokitutako proiektua jarri dugu martxan". 

Bide berriak irekiz
Hazilan proiektua unibertsitate titulua duten edo goi mailako pretakuntza zikloa amaitu duten 20-44 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, eta bi atal ditu. Lehenengo fasean, aktibatu izenekoan, enpresek eskatzen dituzten gaitasunak lantzen dituzte parte-hartzaileek, talde txikitan banatuta. "Kontutan hartu behar da, langabezian egoteak askotan bakardadea, motibazio eza eta ezkortasuna sortzen dituela, eta bilaketa prozesurako oso garrantzitsua da lan bila dabilen pertsona indartuta eta motibatuta egotea, bere buruarekin seguru, alegia".

Oriotarrak argi utzi du, langabezia "une bateko egoera" dela, ez dela betirako. Horregatik, uste du lan bila dabilenak "aukera moduan" ulertu behar du egoera, bere lanbide ibilbidea bideratzeko aukera aproposa dela azaldu baitu. "Askotan ikasketak batzuk egiten ditugu, eta horrekin erlazionatutako lan bila jarduten gara. Hala ere, ez gara ohartzen aukera profesional berriak irekiko lizkiguten beste potentzialitate batzuk ere baditugula. Guk horiek identifikatzen laguntzen diegu herritarrei". Bide horretan, autoestimua, automotibazioa, talde lana, adimen emozionala, eta beste hainbat gaitasun lantzen dituzte modu dinamiko batean. "Hazilan proiektura etortzen direnean, modu aktiboan lan bila hasten dira parte-hartzaileak, eta lan entrebistak eta hautaketa prozesuetan egiten diren talde dinamikak ere lantzen ditugu. Azkenean, elkarren artean motibatzen dira parte-hartzaileak eta askok lehen fasean aurkitzen dute lana", azaldu du Garciak

Talentu ihesa
Bestalde, Hazilan proiektuko bigarren fasean, Lanekin, Kokatu edo Talentu Ihesa atalak lantzen dituzte. Irailean abiatuko duten edizioan Talentu Ihesa atala jarriko dute martxan, eta enpresen kudeaketa sisteman prestakuntza eskainiko diete parte-hartzaileei. "Kalitatea, ingurumena, lan segurtasuna, I+D, datuen babesa eta beste hainbat kudeaketa sistema landuko dituzte, gai horretan aditua den enpresa batek eskainitako ikastaro trinkoan". Denera 170 orduko prestakuntza izango da.

Horrez gain, parte-hartzaile bakoitzak eskualdeko enpresaren batean kudaketa sistemekin erlazionatutako proiektu bat garatuko du, Hazilan proiektuaren barruan. "Enpresako arduradunarekin elkartuko dira Hazlilaneko kideak, enpresaren beharrak entzungo dituzte, eta horren arabera proiektua diseinatuko dute. Modu horretan parte-hartzaileen eta enpresen arteko harremana sustatu nahi dugu", laburbildu du Vanessa Garciak.

Izena ematea
Hazilan proiektuan izena emateko epea ostiralean, uztailaren 27an, amaituko da, baina enplegu teknikariak azaldu du epetik kanpo eman daitekeela izena udal elkarteko egoitzara bertaratuta, edo 943-890808 telefono zenbakira hots egin, eta Vanessa Garciagatik galdetuta.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!