Aiako eta Orioko pinudietara iritsi da gaitza

Karkara 2018ko ira. 17a, 11:59
Gipuzkoako pinuak lehortzen ari dira 'Lecanosticta acicola' onddoaren ondorioz. (Barren.eus)

Gipuzkoako Basozainen Elkarte Profesionaletik nabarmendu dute kostaldeko pinudietan sortu zela gaitza, eta pixkanaka barrualdera zabaldu dela.

Gipuzkoako pinudiek gorri kolorea hartu dute, 'Lecanosticta acicola' onddoak jota. Izan ere, gaitzak pinuen hostoak lehortzen ditu, eta pinuak hil ere egin daitezke horren eraginez. Gipuzkoako Basozainen Elkarte Profesionaletik azaldu dutenez, pinu beltzari (pinus radiata) eta haren familiako pinuei eragiten die gaitzak, eta Aiako eta Orioko pinudiak ere kutsatuta daude. "Pagoeta Natur Parkean berriz, pinu beltz gutxi dagoenez eta dauden horiek elkarrengandik oso sakabanatuta daudenez, onddoak ez du arazo larririk sortu bertako ekosisteman", azaldu dute. 

Dena dela, Gipuzkoako Basozainen Elkarte Profesionaletik nabarmendu dute Gipuzkoako zuhaitzen %40a baino gehiago pinu beltzak direla. "Kostaldeko pinudietan sortu zen gaitza, eta pixkanaka barrualdera zabalduz joan da. Gaitzak pinudien jabeei galera ekonomiko larriak sortzeaz gain, ingurumen arazoa ere bihurtu daiteke lurraldean. Izan ere, onddoak pinuak lehortu egiten ditu, eta suteren bat egongo balitz goitik behera erreko lirateke zuhaitz horiek, suteek indarra hartzeko arriskua areagotuz. Orain arte ez dugu horrelakorik bizi gure basoetan".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!