Mukwano Lagun elkartearen ahalegina emaitza ematen ari da Bujagalin

Karkara 2018ko ira. 27a, 18:00

Ane Garcia, Amagoia Iribar eta Joseba Orella Ugandan izan dira, Mukwano Lagun elkarteak Bujagali herrixkan duen eskolan boluntario lanak egiten. Afrikako herrialdean ikusitakoa eta bizitakoa izan dute hizpide bidaiatik bueltan.

Mukwano Lagun elkarteak Ugandako Bujagali herrixkan duen eskolara boluntario gisa lanera joan ziren Ane Garcia, Amagoia Iribar eta Joseba Orella udan. Bidaiatik bueltan "oso esperientzia aberasgarria" izan zela nabarmendu dute, eta Mukwano Lagun elkartea Bujagaliko komunitatean egiten ari den "lan handia" goraipatu dute. 

Ugandako bizimoduko hainbat ohiturek ere atentzioa eman diete oriotarrei. Alde batetik, ohartu dira denbora kudeatzeko irizpide desberdina dutela Afrikako herrialdean. "Oso lasaiak dira, eta zereginak guk baino patxada handiagoarekin hartzen dituzte. Ez dute guk bizi dugun estresik, baina beste arazo larriagoei aurre egin behar diete egunerokoan". 

Bestetik, inguru horretan garraioa eta komunikazioa oztopo handia direla ere konturatu dira. "Dirurik ez dagonenean, garraio publikoa edo taxia ordaintzea ezinezkoa izaten da. Haurrek eskolara joateko kilometro mordoa egin behar izaten dituzte oinez, eta gurasoak medikuarengana joan behar dutenean garraioa ordaintzeko dirua lortu ezinik ibiltzen dira. Horregatik, jende asko ikusten egunero errepide bazterrean oinez". Horrez gain, haurrak hezteko modua ere desberdina dela ikusi dute. "Han normalean familiek seme-alaba mordoa izaten dituzte, eta askotan anai-arrebek zaintzen dituzte senide gazteagoak; haur asko ikusi ditugu bizkarrean beren anai-arreba txikia eramaten". 

Laguntza garrantzitsua
Hiru oriotarrek aipatu dute, hobetzeko gauzak beti egongo badira ere, bertatik bertara ezagutu dutela Mukwano Lagun elkartea inguru horretan egiten ari den lan bikaina. "Bertako ohituraren arabera, lehenengo familiako kide nagusienek jaten dute, eta soberak uzten dizkiete gaztetxoei. Hori dela-eta, haur askok desnutrizioa dute, eta Mukwano Lagun elkartea ahalegin handia eskolara joaten diren haurrek egunero jan dezaten". 

Gainera, azpimarratu dute elkartearen eskolak alfabetatze tasa nabarmen igo duela Bujagalin. "Elkartea herrira iritsi aurretik ez zegoen eskolarik, eta haurrak ez zituzten eskolaratzen. Gaur egun berriz, irakurtzen eta idazten dakite, eta oso ondo hitz egiten dute ingelesez". Horrez gain, goi mailako ikasketak egiten jarraitu nahi dute ikasleei ere diru-laguntzak ematen dizkie elkarteak.

Bestalde, haurreskola bat ere ireki dute herrian elkartearen laguntzarekin. "Gurasoak lanera joaten direnean haurrak eremu egoki batean egotea da helburua. Bertako arduradunak ez dira haurtxoen hezkuntzan adituak, baina guk haurreskolari pedagogikoki forma ematen lagundu diegu bertan egon garen denboran. Azkenean, txoko goxo bat prestatu dugu denon artean haurrak bertan lasai egon eta oztoporik gabe jolastu daitezen". 

Pixkanaka Bujagaliko haurren egoera hobetzen ari bada ere, oriotarrek gogoratu dute oraindik asko dagoela egiteke, eta eskualdeko herritarrak Mukwano Lagun elkartean parte hartzera eta Ugandara boluntario gisa joatera animatu dituzte. "Han ez dituzten hainbat ezagutza ditugu guk, eta horiek erakutsita asko hobetu dezakegu hango haurren bizimodua. Ahalegintxoa egiteak merezi du".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!