Langabeak kontratatzeko diru-laguntza deialdia egin du enpresentzat udal elkarteak

Karkara 2018ko urr. 15a, 12:29

Eskabideak Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan egin behar dira azaroaren 5a baino lehen.

Urola Kostako Udal Elkarteak diru-laguntza deialdia egin du, eskualdeko enpresek eskualdeko langabeak kontratatzeko. 72.000 euro emango ditu diru-laguntzatan, eta ekimena enplegua sustatzeko 2018ko planaren barruan kokatzen da eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak finantzatzen du. 

Urola Kostako Udal Elkartetik azaldu dutenez, azken hiru-lau urteetan langabezia tasak behera egin du eskualdean, oraindik krisialdiaren aurreko urteetako tasetatik urrun badabil ere. Hala ere, nabarmendu dute gizatalde batzuk beste batzuk baino zailtasun handiagoak dituzte lana lortzeko. "Horrekin batera, krisialdiak eragin nabarmena izan du enpresen lehiakortasunean eta urte zailak igarotzen ari dira enpresa asko eta asko, merkatuaren eskakizunetara moldatzeko eta berritzeko ahaleginean". Ildo horretan, udal elkartearen deialdiak helburu bikoitza du. Alde batetik, enpresei lagundu nahi die langileak kontratatzeko gastuei aurre egiten eta, ondorioz, lehiakortasuna hobetzen. Eta bestetik, enplegurako politika aktiboak indartu eta lan munduan sartzeko zailtasunak dituzten gizataldeetako pertsonak kontratatzea saritu nahi dute. 

Diru-laguntzen deialdi hau Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Urola Kostako Udal Elkarteak finantzatuko dute. Diru-laguntza hauetarako 72.000,00 euroko aurrekontu publikoa erabiliko da, horietatik 70.235,45 euro Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak finantzatuko ditu eta gainerako 1.764,55 euro Urola Kostako Udal Elkarteak.

Deialdi honen bidez diruz lagunduko diren kontratazioek hasi behar dute 2018ko irailaren 1etik 2018ko abenduaren 31ra bitartean eta diruz lagundutako epea amaituko da, beranduenez 2019ko ekainaren 30ean. Adibide gisa, diruz lagundutako epealdia 6 hilabetekoa baldin bada, 6 hilabete horiek aipatutako epealdiaren barruan egon behar dute, hau da 2018ko irailaren 1etik 2019ko ekainaren 30era doan epealdiaren barruan.

Diru-laguntza eskatu ahal izango da deialdi hau argitaratzeko unean dagoeneko formalizatuta dauden kontratuentzat (betiere 2018-09-01etik aurrera egin bada) edo oraindik egin gabe dauden kontratuentzat.

Diru-laguntzak
Diruz lagunduko diren kontratuak gutxienez 6 hilabetekoak eta lanaldi osokoak izango dira, eta diru-laguntzen zenbatekoa izango da 6.000,00 euro edo 9.000,00 euro, kontratatzen den pertsonaren ezaugarrien arabera.

Diru-laguntza eskuratzeko, kontratatutako pertsonak hainbat baldintza bete behar ditu (ikus oinarriak), besteak beste:

  • Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda egongo da enplegu eskatzaile gisa, langabezia egoeran kontratua egiteko unean.
  • Bere lana egingo du (edo atxikita egongo dira) eskualdean (Aia, Getaria, Orio, Zarautz edo Zumaian) kokatutako lantokietan.
  • Eskabideen balorazioan lehentasuna izango dute eskualdean (Aia, Getaria, Orio, Zarautz edo Zumaian) erroldatutako pertsonak kontratatzen dituzten eskabideek.

Eskabideak
Eskabideak aurkeztu behar dira Urola Kostako Udal Elkartean (Urdaneta bidea 6, Zarautz), 2018ko azaroaren 5erako.

Bete behar diren baldintzak eta eskabideak baloratzeko irizpideak Urola Kostako Udal Elkartearen webgunean daude zehaztuta. 

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!