Eguraldia lagun izan dute mahasti zaleek, aurtengo mahats bilketan

Karkara 2018ko urr. 24a, 19:00
Mahastia mahatsa bildu aurretik. (Getariako Txakolina Jatorri Izena)

Mahasti zaleak gustura dira, eguraldia lagun izan baitute aurtengo mahats-bilketa kanpainan. Dena dela, aurtengo ekoizpena pasa den urtekoa baino %10-15 txikiagoa izango dela jakinarazi dute Getariako Txakolina Jatorri Izenetik.

Iraila amaieran eta urria hasieran mahatsa biltzen buru-belarri lanean aritu dira eskualdeko mahastietan. Getariako Txakolina Jatorri Izenetik jakinarazi dutenez, aurtengo kanpainarako 350 lagun inguru kontratatu dituzte.

Mahats bilketa irailaren 17an hasi zen eta joan den astean eman zen amaitutzat, urriaren 15ean. Epe horretan, hainbat egunez aritu dira langileak mahatsa jasotzen, upategi batzuk mahastiak mahatsa makinarekin biltzeko prestatuta badituzte ere, gehienetan mahatsa eskuz biltzen baitute. Horrez gain, upategi bakoitzak mahats bilketa mahatsaren heldutasun mailaren eta egin nahi den txakolin motaren arabera egiten duela azaldu dute.

Bestalde, iraileko eta urriko egunak argiak izan direnez, eta euririk egin ez duenez, mahatsa pixkanaka biltzeko aukera izan dute mahasti zaleek, eta Aiako Zudugarai upategiko arduradun Mikel Errastik azaldu duenez, «gustura» dira aurtengoan mahats bilketa prozesuan eguraldia lagun izan dutelako. "Iazko kanpaina gogorra izan zen, euria eta ekaitza izan genituen. Aurten berriz hego-haizea eta beroa izan ditugu, eta horrek asko erraztu digu hamasei egunetan zehar mahatsa biltzea".

Horrez gain, mahatsa bildu aurreko eguraldiak mahatsaren kalitatean eragina baduela ere adierazi du Errastik. "Mahatsa heldua dagoenean jasotzen da, eta azken egunetan eta biltzeko unean ekaitza egiten badu, mahatsak usteltzeko joera izan dezake, eta horrek hondatu egin dezake txakolina egiteko prozesua".

Iaz baino %10-15 gutxiago
Oraindik zenbaketa ofiziala egin ez badute ere, Getariako Txakolina Jatorri Izenetik azaldu dute, upategi guztiean artean 3.400 milioi kilo mahats inguru biltzea espero dutela; iazko datuekin alderatuz, %10-15 txikitu da produkzioa. Mashasti zaleen iritziz, hainbat faktorek eragin dute hainbat upategitan aurtengo uzta txikiagoa izatea. "Aurtengo udaberria oso euritsua izan da, eta hezetasunak eta hotzak oztopatu egin dute landareen loraldia. Gainera, hezetasunak Mildiu izeneko onddoa mahastietan zabaltzea ere eragin du", aipatu du Errastik. 

Ildo horretan, Getariako Txakolinaren berezitasuna bertako mahatsa dela esan ohi dute adituek. Zudugarai upategiko arduradunak esaterako, uste du, "kostaldeko hezetasunak ezaugarri bereziak" eskaintzen dizkiola mahatsari eta horrek desberdin egiten duela hemengo txakolina. Dena dela, klimak hainbat buru-hauste ere sortzen dizkie mahasti zaleei. "Gure lana eguraldiak baldintzatzen du. Aurtengo udaberria esaterako, oso euritsua izan denez, zerura begira egon gara egunero, eta adi-adi jarraitu ditugu eguraldiaren iragarpenak. Bestalde, pasa berri den mahats bilketa garaian ere oso garrantzitsua izan ohi da eguraldia, orduan kazkabarrak eginez gero, urte guztiko lana hondatu dezakeelako".

Urte guztiko lana
Mahats-bilketa bukatuta, upategiko lanetan murgilduta dabiltza mahasti zaleak; izan ere, txakolina egiteko mahatsaren fermentazioa abiatu dute, eta hori kontrolatuko dute datozen astetan.

Bestalde, mahastietan urte guztiko lana badago ere, abenduaren hasiera arte atseden hartzen utziko dituzte mahastiak, eta Orioko San Nikolas Jaien inguruan hasiko dira kimaketa lanetan. "Martxoaren erdialdean, eguraldi onarekin batera lehen kimuak hasten direnean, mahastia txukun mantentzeko lanei ekingo diegu upategietan: mahastiak lotu, ihartuta dauden landareak aldatu, belarra moztu edota behar den tokian hesola berriak jarri", argitu du Errastik.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!