Energiaren Erakundeak eskualdeko udalek egindako lana aitortu du

Karkara 2018ko aza. 3a, 11:00
Energiaren Euskal Erakundeko eta Urola Kostako udaletako ordezkariak Zumaiako Aitzurin. (Argazkia: Juan Luis Romatet)

EEEko zuzendari nagusi Iñigo Ansolak trantsizio energetikorako agertutako "inplikazioa" eskertu die udal ordezkariei, eta egindako lanarekiko esker on hori irudikatzeko, erakundeak sortutako Energiaren bidea – Euskal Enerigaren Trantsizioa Udalean ere bereizgarria eman die.

Urola Kostako eta Urola Erdiko udalerriek trantsizio energetikora begira erakutsitako konpromisoa aitortu zuen Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) urrian, Zumaiako Aitzuri frontoian egindako ekitaldi batean. Erakunde horrek bereizgarri bana eman zien udaletako ordezkariei, tartean Aiako eta Orioko alkateei.

Horrela, EEEko zuzendari nagusi Iñigo Ansolak trantsizio energetikorako agertutako "inplikazioa" eskertu zien udal ordezkariei, eta egindako lanarekiko esker on hori irudikatzeko, erakundeak sortutako Energiaren bidea – Euskal Enerigaren Trantsizioa Udalean ere bereizgarria eman zien. Erakundetik gaineratu zutenez, bereizgarri hori pixkanaka jarriko da ikusgai Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalerrietako udal erakundeetan.

Oztopoak
Trantsizio energetikorako izandako trabak ere gogoratu zizkien Ansolak alkateei. Haize erroten kasua jarri zuen adibidetzat. "Denok gaude energia berriztagarrien alde. Baina, aldi berean, mendizaleak gara eta ez dugu haize errotarik nahi gure mendietan. Gero, beste era bateko zailtasunak ere izan dira".

Bestalde, urrian bertan Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak Eguzki zerga bezala ezagunagoa zen energiaren autokontsumorako zerga ezeztatu zuen. "Erabakia ostiralean hartu zuen, larunbatean argitaratu eta iganderako indarrean zegoen. Erabakia txalogarria da, eta autokontsumorako zeuden zailtasunak kenduko ditu hein batean. Epe labur edo ertainera aldaketa handiak ikusiko ditugulakoan nago", azpimarratu zuen Ansolak.

Herrietako datuak
Bailarako herrietako datuen berri emateko baliatu zuten ekitaldia. Hainbat herritako argiteria publikoa eta energia berriztagarrien sustapena nabarmendu zituzten, besteak beste. Jarraian Aiako eta Orioko datuak:

Aia: argiteria publikoa eta energia berriztagarrien sustapena.
Orio: argiteria publikoak, eraikinak (barne-argiztapena) eta energia berriztagarrien sustapena.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!