Aurten abenduaren 3tik 11ra harrapatu ahal izango dira angulak txalupatik

Karkara 2018ko aza. 2a, 11:17
Angulak, artxiboko argazkia. (Baleike.eus)

Antza denez, itsasontzitik angulak harrapatzeko epea murriztu egingo du Eusko Jaurlaritzak, espeziea egoera ahulean dagoelako, eta Europar Batasunak angularen arrantzari buruzko neurri zorrotzagoak eskatuko dituelako.

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politika Sailak ireki du angulak harrapatzeko lizentziak eskuratzeko epea, eta aurtengo denboraldian berrikuntza nabarmena izango dela jakinarazi du. Izan ere, itsasontzitik angula harrapatzeko epea murriztu egingo da, eta abenduaren 3tik 11ra bitartekoa izango da aurten. Argitu dute, espeziea egoera ahulean dagoela, eta Europar Batasunak angularen arrantzari buruzko neurri zorrotzagoak eskatuko dituela.

Dena dela, txalupatik harrapatzeko epea amaitzen denean, arrantzale horiek dagokion tasa ordainduta angulak lehorretik arrantzatzeko lizentzia eskuratu ahal izango dute; azaroaren 15etik 2019ko urtarrilaren 31 bitartean harrapatu ahal izango baitira angulak lehorretik.

Lizentziak
Angulak arrantzatzeko ezinbestekoa da lizentzia eskuratzea. Bi lizentzia mota daude; ontzitik angulak harrapatzeko lizentzia, eta lehorretik harrapatzeko baimena ematen duena.

Eusko Jaurlaritzatik azpimarratu dute, lizentziak pertsonalak direla, eta arro jakin batean arrantzatzea baimentzen dutela. Gainera, titularrek beti soinean eraman behar dute lizentzia, arrantza egiten duten bitartean, baimenik gabe angulak arrantzatzea debekatuta baitago.

Angulak harrapatzeko lizentziak eskatzeko epea azaroaren 1ean ireki zen. Horiek eskuratu nahi dituztenek hurrengo tasak ordaindu behar dituzte:

Lehorretik harrapatzeko lizentzia: 17,66 euro
Ontzitik harrapatzeko lizentzia: 70,64 euro

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!