Azaroaren 30ean amaituko da 'Enpresa Euskaraz Handitzen' ekimenean izena emateko epea

Karkara 2018ko aza. 20a, 10:03

Eskualdeko enpresa txikiei, tartean Aia eta Orio, euskaraz lan egiteko laguntza ematen ari dira Urola Kostako Udal Elkartetik. Hurrengoa azaroaren 30ean, ostiralarekin, amaituko da iaz abian jarritako Enpresa Euskaraz Handitzen proiektuaren bigarren deialdian izen-ematea.

Eskualdeko enpresa txikiak euskaraz handitu nahi ditugu. Honela, Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako enpresa txikietan euskararen erabilera sustatu nahi dugu, euskararen erabilera handituz, enpresa bera ere handituko baita, adierazi dute UKUEtik.

Izan ere -gehitu du Urola Kostako Udal Elkarteak- euskararen normalizazioa bizitzaren esparru guztietara zabaltzea guztion zeregina eta ardura da, eta Urola Kostako Udal Elkarteak baditu baliabideak herritarren esku. Aurkezpen bideoan agertu nahi izan dugun eran, keinu txikiak izanagatik ere, aldaketa handia daiteke.

Pasa den urtean izan zen ekimenaren lehenengo edizioa. 12 enpresek hartu zuten parte orduan; batez ere, osasun arloan diharduten hainbat enpresek. Euskarak enpresan duen presentzia indartu eta aldi berean, euskararekin enpresa handitzea helburu, ekimenak enpresa bakoitzaren errealitatera egokituko lana burutzea ahalbidetu duela berretsi dute elkartetik. Zenbait enpresentzat euskara-plan osoak diseinatu diren bitartean, beste kasu batzuetan itzulpenak egin, webguneak egokitu edota euskaratu, eta eguneroko lanerako ezinbestekoak diren dokumentu-ereduak landu dira. Egindako lana anitza bezain oparoa izan da.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!