Harri Handien Euskal Herriko Txapelketako finala jokatuko da gaur Asteasun

Karkara 2018ko abe. 22a, 10:33
Aimar Galarraga, Jokin Eizmendi eta Imanol Illarramendi Santio Errekako eskolan. (Aiora LarraƱaga)

Aimar Galarraga oriotarra eta Imanol Illarramendi Kortaberri aiarra parte hartzaileen artean izango dira. Txapelketa zuzenean emango dute Euskal telebistan, 22:00etatik aurrera.

Gaur, Abenduak 22 larunbata,  Harri Handien Euskal Herriko Txapelketako finala jokatuko dute Asteasun, eta eskualdeko bost harri-jasotzailek hartuko dute parte lehian. Ostolaza Eskolako Jokin Eizmendi zarauztarra, Aimar Galarraga oriotarra eta Imanol Illarramendi Kortaberri aiarra bertan izango dira. Bestalde, Aimar Irigoien errezildarrak eta Jon Unanue Goenatxo azkoitiarrak ere parte hartuko dute. Irigoien izan zen iazko txapelduna.

Guztira, zazpi harri-jasotzailek jokatuko dute Asteasuko txapelketa. Eskualdeko bost kirolariez gain, Iban Ugartemendia eta Julen Diaz lehiatuko dira Harri Handien txapelarengatik. 22:00etan izango da saioa, eta lau harri altxatu beharko dituzte: laukizuzena (175 kilo/200 kilo), zilindrikoa (175 kilo/200 kilo), kubikoa (150 kilo) eta bola (125 kilo). Hiru minutuz arituko dira harri bakoitzarekin.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!