'Harakintza eta Haragikien elaborazioa' ikastaroan izena emateko epea ireki du UKUEk

Karkara 2019ko urt. 8a, 11:00

Eskualdeko langabeei bideratutako ikastaroa da, eta urtarrilaren 31ean abiatzea aurreikusi du udal elkarteak.

Urola Kostako Udal Elkartearen eskutik, 'Harakintza eta Haragikien elaborazioa' 2.mailako profesionaltasun ziurtagiria eskuratzeko aukera izango dute eskualdeko langabeek. Urtarrilaren amaieran hasiko da ikastaroa, eta guztira 5 hilabeteko prestakuntza jasoko dute harakintza industrian murgildu nahi duten langabeek. Ikastaroa erabat doakoa izango da.

Urola Kostako Udal Elkartetik jakinarazi dute, ikastaroan parte hartzen dutenek hainbat gaitasun eta konpetentzia landuko dituztela. Alde batetik, haragia balioesten eta zatitzen, eta haragi-produktuak eta haragi-prestakinak prestatzen eta elaboratzen ikasiko dute. Bestetik, indarrean dagoen araudi tekniko-sanitarioa betetzeko eman beharreko urratsak ere ezagutuko dituzte. Horrez gain, enpresa txiki batean haragi-produktuak merkaturatzeko gaitasunak barneratuko dituzte.

Aurreikusitakoaren arabera, urtarrilaren amaieran hasi eta 5 hilabeteko iraupena izango du prestakuntzak. Guztira, 430 orduko prestakuntza-ziurtagiria eskainiko du udal elkarteak, eta ikastaroa gazteleraz eskainiko da eta doan izango da.

Eskolak URKAIKO baserritarren kooperatibak Zestoan duen egoitza nagusian izango dira: astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 14:00etara.

Argibideak eta izen-ematea
Ikastaroan izena eman edo informazio gehiago jaso nahi dutenek, Urola Kostako Udal Elkartera deitu (943-890808) edo osainz@urolakosta.eus helbidera idatzi dezakete. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!