Enpresa txikiei bideratutako prestakuntza-saioak antolatu ditu Urola Kostako Udal Elkarteak

Karkara 2019ko urt. 10a, 12:00

Batetik, hizkuntzen kudeaketa hobetzeko erremintak azaltzeko saio teoriko-praktikoak antolatu dituzte; eta bestetik, lanean idazten diren ohiko testu eta mezu laburrak euskaraz lantzeko ikastaroa ere prestatu dute.

Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako enpresa txikiei euskaraz lan egin dezaten, hainbat prestakuntza saio antolatu ditu Urola Kostako Udal Elkarteak, Enpresa Euskaraz Handitzen ekimenaren barruan.

Alde batetik, hizkuntzen kudeaketa hobetzeko erremintak azaltzeko saio teoriko-praktikoak antolatu dituzte; besteak beste, enpresa hobetzeko aukeren identifikazioa, marketina eta publizitatea, ingurune digitala, eta idatzizko eta ahozko harremanak landuko dituzte. Saioa, urtarrilaren 22an izango da, 13:30etik 15:00etara, Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan. Data horretan parte hartu ezin duten enpresek, beste aukera bat izango dute martxoaren 26an.

Euskaraz idazten trebatzeko
Bestetik, lanean idazten diren ohiko testu eta mezu laburrak euskaraz lantzeko ikastaroa ere prestatu dute. Saio horien bidez, Urola Kostako enpresa txikiei lanean ohikoak dituzten testu eta mezu laburrak euskaraz idazteko erremintak emango zaizkie; testu mota desberdinak ezagutu eta idazteko aholkuak, Euskaltzaindiaren oinarrizko arauen lanketa, edota testuen egituraren azterketa.

Ikastaroa hiru egunekoa izango da; urtarrilaren 30an, eta otsailaren 13an eta 27an eskainiko da. Saio guztiak 13:30etik 15:00etara bitartean izango dira, Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan. Dena dela, ikastaro bera udaberrian ere eskainiko dute, maiatzaren 8an eta 22an, eta ekainaren 5ean.

Izena-ematea zabalik
Prestakuntza saioetan parte hartu nahi duten enpresek, izena eman dezakete hurrengo eskaera-orria beteta. Izen-emateko epea urtarrilaren 18ra arte izango da zabalik.

Informazio gehiago jaso nahi dutenek, handitzen@urolakosta.eus helbidera mezua idatzita edo 943-890808 telefono zenbakira deituta, Xabier Urdangarin UKUEko Euskara teknikariarekin harremanetan jarri daitezke. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!