Abisu horia eta alerta laranja ezarri dituzte gaurko

Karkara 2019ko urt. 29a, 10:32

Euskalmetek abisu horia ezarri du gaurko, olatuengatik, itsasaldeko arriskuagatik, haizeagatik eta elurragatik. Gauean, aldiz, alerta laranja ere izango da, itsasaldeko arriskuagatik. Muturreko Fenomenoen Iragarpenaren barruan kokatu dituzte atzoko eta gaurko egunak.

Gaurko, asteartea, abisu horia ezarri du Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak, haizeagatik, olatu handiengatik, itsasaldeko arriskuagatik eta elurragatik.  Muturreko Fenomenoen Iragarpenaren barruan kokatu dituzte atzoko eta gaurko eguna.

Haizeari dagokionez, mendebaldeko eta ipar-mendebaldeko haize boladek haizeguneetan 100km/h-ko abiadura gainditu dezaketela iragarri dute; haizeguneak ez diren tokietan, aldiz, 80 km/h ingurukoak izan daitezke. Hau guztia 15:00etatik 00:00etara izan daiteke, Euskalmeten arabera.

Bestalde, arratsaldean, olatuek 3,5 metro baino gehiago neurtu dezakete. "Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 3 metro inguruko olatuak altxatuko ditu", azaldu dute. Bestalde, mendebal-osagaiko haizea ibiliko dela ere iragarri dute, 5-6ko indarrarekin, eta itsaski handia edo itsaso zakarra eragingo ditu. Meteorologia Agentziak nabigazioa aurreikusi du lehenengo bi milietan, 15:00etatik 18:00etara.

Gau gogorra
Gauean abisu horiak jarraituko du, itsasaldeko arriskuagatik. Kostaldean kalteak izan daitezkeela azaldu dute, 18:00etatik 00:00etara. Olatuek 5,6 metroko altuera izan dezakete, eta "gainezka egiteko indizeak atalase-mailaren azpitik egongo diren arren, olatuen ezaugarriak direla eta, itsas pasealeku eta malekoietan zipriztin eta olatu-zaparrak eror daitezke, bereziki itsasgoraren unean", gehitu dute.

Abisu horiaz gain, alerta laranja ere ezarri dute gauerako, itsasaldeko arriskua dela eta. 18:00etatik 24:00etara nabigazioa iragarri dute lehenengo bi milietan. 5,6 metroko altuera izan dezaketen olatuak izateaz gain, mendebal-osagaiko haizea ibiliko dela azaldu du Euskalmetek, 6-7ko indarrarekin. Itsaso zakarra edo oso zakarra egingo duela aurreikusi dute.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!