Aiako eta Orioko sortzaileentzat formazioa eskainiko du mankomunitateak

Karkara 2019ko ots. 4a, 16:39
'Itsasotik Herrira' eskualdeko ekimenaren lehen edizioan sortzaile ugarik hartu zuten parte. Irudian, Aiako plazan egindako ekitaldia.

Orain arte, 'Urola Kosta, eskualde Sortzailea' egitasmoaren baitan, hainbat ekimen garatu dira.  Oraingoan, sektore tradizionaletara egingo du jauzi Sorkide (Urola Kostako Kultura eta Sormen industriak) egitasmoak, eta formazioa eskainiko zaie eskualdeko sortzaileei. Izen-emate epea otsailaren 13an, asteazkenez, amaitzen da.

Hirugarren urtez jarraian, Urola Kostako Udal Elkarteak eskualdeko Kultura eta Sormen Industrien (aurrerantzean KSI) sektorea suspertzeko lanean dihardu. Orain arte, Urola Kosta, eskualde Sortzailea egitasmoaren baitan, hainbat ekimen garatu dira. Guztiak ere, sektorearen ikusgaitasuna areagotu eta sektorea saretu eta profesionalizatzeko asmoz.

Aurtengoan, jauzi kualitatibo bat eman eta, KSI sektoreaz haratago, bestelako sektore ekonomikoetan eragin nahi da. Hain zuzen ere, KSI alorra eta sektore ekonomiko tradizionalak uztartuko dituen ekimenak garatuko dira. Beti ere, egitasmoak hastapenetatik oinarri-oinarrian izan dituen lankidetza eta parte-hartzeari helduta. Lankidetza sarea zabaldu, sektore arteko zubiak eraiki eta KSI esparrutik abiatuta, sektore ekonomiko tradizionaletan eragingo duten proiektuak landuko dira, azaldu dute UKUEtik.

Bi esku-hartze ez artistiko
Ekimenak xede du Kultura eta Sormen Industriez haratago, sektore ezberdinetan eragitea. Hibridazioaren bidetik, hau da, sektore ezberdinetako eragileen arteko elkarlanetik jorratuko da bidea. Sinetsita, halako proiektuetatik sor litezkeela sinergia oso interesgarriak, eta elkarreraginean, alde guztiei onurak ekar diezazkiekeela. Proiektuaren abiapuntu edozein sektoretako enpresa edo erakundek identifikatutako erronkak izango dira. Eta erronka horiei irtenbideak aurkituko zaizkie artista eta sortzaileen lanaz.

Gaur egungo testuinguru ekonomikoan, enpresa eta erakundeek beharrezkoak dituzte epe laburrera izan ditzaketen erronkei erantzun egoki bat emateko begirada eta jardunbide berriak. Etengabeko eraldaketa prozesuetan murgilduta, parez -pare dituzten erronkak gainditu ahal izateko, erakundeek ezinbesteko dituzte erantzun berritzaile, praktiko, baliagarri eta eraginkorrak.

Aldi berean, artista eta sortzaile askok dute beren dohain eta konpetentziak bestelako jardun-sektoreen zerbitzura jartzeko interesa. Eta gaitasuna. Jardun artistikoaz haratago, geroz eta gehiago dira esparru berrietara irekitzeko prest dauden sortzaileak. Gainera, berrikuntzaren bidea jorratuz, erakunde nahiz enpresen erronkei erantzun bat emateko profil egokia dute. Izan ere, sortzaile senaz gain, gehienek badute beste esparruren batean prestakuntza. Nazioarteko hainbat esperientzietan ikusi denez, erakundeen arazo edota erronkei irtenbide praktiko- eraginkorrak emateko gaitasun handia izan ohi dute sortzaileek.

Hausnarketa horietatik abiatuta, ekimenaren baitan bi esku-hartze ez artistiko egingo dira. Esku-hartze bakoitza 2 hilabete inguruko prozesua izango da.

Helburuak
Ondorengoak dira proiektuarekin erdietsi nahi diren helburu nagusiak:

  • KSI alorreko eragileei erremintak eskaini; beren jardun propioaz haratago, bestelako sektoreetan lan egiteko aukerak zabaltzeko.
  • Berrikuntzaren alde, eskualdeko enpresetako barne-prozesuetan sormenari lekua egin, hibridazio metodologiak aplikatuz.

Formazioa artista eta sortzaileentzat
Esku-hartzeak behar bezala burutzeko, mankomunitatearen ustetan, ezinbestekoa da trebakuntza. Horregatik, prestakuntza eskainiko zaie ekimenean parte hartzeko interesa duten eskualdeko artista eta sortzaileei. Hain zuzen ere, antzeko 300 proiektu ingurutan aplikatu den 'Conexiones improbables' metodologia arrakastatsuan gaituko dira interesa agertzen duten KSI alorreko norbanakoak.

Trebakuntzak ezagutza teoriko eta praktikoak uztartuko ditu. Lehendabizi, alderdi teorikoari helduko zaio. Artista eta sortzaile guztiei bideratutako 4 orduko saio bakarra egingo da: halako esku-hartzeen berezitasunak eta lan-dinamikak ezagutu eta lantzeko. Behin gai teorikoak landuta, aurrera eramango diren bi esku-hartze proiektutarako profil egokienak dituzten 2 pertsona aukeratuko dira. Aukeratutakoek, guztira, 24 orduko trebakuntza praktikoa jasoko dute; zehatz-mehatz, 4 orduko 6 saiotan egituratuta. 

Prestakuntzaren ondoren, sortzaileek aurrez adostutako erronken gaineko esku-hartze ez artistikoei  ekingo diote. Jakina, prozesuak metodologian adituak direnen gidaritzapean burutuko dira: alegia, bertako sortzaileek uneoro izango dute conexiones improbables metodologian esperientzia handia duten  tutore bat bidelagun.

Argibideak eta izen-ematea
Dagoeneko izena eman dezakete interesa duten eskualdeko artista eta sortzaileek; baita halako esku-hartzeren baten beharra ikusten duten enpresa, elkarte edota erakundeek ere. Izen-emateko epea otsailaren 13ra arte luzatuko da.

Informazio gehiago jaso nahi izanez gero, idatzi iezaguzu e-maila bat edo jarri harremanetan telefono bidez:

  • Enpresentzako Zerbitzuak (Idoia Etxarri, Eli Uzkudun)
  • enpresa@urolakosta.eus
  • Tel. 943890808

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!