Hazilan proiektuaren 7. edizioan parte hartzen dutenek praktikak egingo dituzte enpresetan

Karkara 2019ko ots. 6a, 13:00
Hazilan proiektuko 6. edizioko partaideak.

Urola Kostako Udal Elkartearen Hazilan proiektuan izena emateko epea zabalik dago otsailaren 22ra arte.

Urola Kostako Udal Elkarteak Hazilan proiektuaren zazpigarren deialdia egin du. Orain arte, 94 lagunek parte hartu dute  proiektuan eta hainbat gaitasun sozioprofesional landu ondoren, laneratzeko prozesuak egin dituzte 39 enpresetan (praktikak, prestakuntza lanpostuan...).

Berrikuntzekin dator 7. edizioa
Udal elkartetik jakinarazi dutenez, bi dira 7.edizioko berrikuntza azpimarragarrienak. Alde batetik, prestakuntza eskaintza indartu dute, eta  bestetik, parte hartzaileek enpresetan praktikaldia egiteko aukera izango dute.

Hazilan proiektuak enpresen beharrak identifikatu ditu, horren araberako prestakuntza diseinatzeko. Hala, 7. edizio honetarako, formakuntza sendotu egin dute, eta lehen fasearen baitan,  partaideek “Enplegurako prestakuntza profesionalean laneko orientabidea eta kalitatearen sustapena” modulua egingo dute. Trebakuntza hori, Enplegurako lanbide-prestakuntzaren irakaskuntza (SSCE0110) profesionaltasun ziurtagiriaren baitako prestakuntza-modulua da.

Aldi berean, enpresetan praktiketan hasi aurretik, lan munduan murgiltzeko ezinbestekoa bihurtu den esparru bati buruzko 25 orduko prestakuntza osagarria jasoko dute gazteek. Teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak baliatuz, sarean norberaren marketina behar bezala egiteko gakoak ezagutuko dituzte, hain zuzen ere.

Informazio saioa
Hazilan programa goi mailako ikasketak dituzten gazteei bideratuta dago, eta proiektuaren inguruko xehetasun guztiak azaltzeko bilera informatiboa antolatu du Urola Kostako Udal Elkarteak otsailaren 13rako. 10:00etan hasiko da saioa.

Hazilan programaren xehetasunak

Programak, hiru atal nagusi izango ditu:

  • AKTIBATU fasea (80 ordu): prestakuntza. Zeharkako konpetentziak landuko dituzte parte hartzaileei bizipen-prestakuntza pertsonalizatua eta integrala eskainiz. Otsailaren 25etik apirilaren 16ra egingo dute, astelehenetik ostegunera 9:30etik 13:30era.
  • PRESTATU fasea (25 ordu): Nire marketina sareetan du izenburutzat, eta bertan teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak baliatuz, sarean norberaren marketina egiteko gakoak ezagutuko dituzte partaideek.
  • KOKATU fasea (200 ordu): praktikak enpresetan. Maiatzetik uztailera egingo dituzte praktikak, astelehenetik ostiralera, gehienez ere sei orduko lanaldian.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!