Abian da bigarrenez, 'EKITEN, ekintzaile eta enpresarien ekosistema'

Karkara 2019ko ots. 8a, 11:00

Helburu nagusia da ekintzaile eta enpresarien lana aitortu eta ezagutzera ematea, eta laguntza eta baliabideak eskaintzea.

Urola Kostako Udal Elkarteak abian jarri du, bigarrenez, 'EKITEN, ekintzaile eta enpresarien ekosistema' egitasmoa. Ekimenaren baitan hainbat proiektu garatu ziren 2018 urtean zehar, eta besteak beste, egindako lanaren adibide da Urola Kostako 4 ekintzailerekin osatutako ondorengo bideoa.

Ildo beretik, 2019an ere Urola Kostako Enpresa Sustapeneko zerbitzuak ekintzaile eta enpresarien negozio ideiak landu eta sendotzeko hainbat ekimen jarriko ditu martxan. Jada eman zaio hasiera egitasmoari, urtarrileko azken astean, pertsona ekintzaileei edota mikroenpresetako enpresariei bideratutako sare sozialei buruzko 12 orduko ikastaroa eskaini baitzen.

Bestalde, otsailaren 22rako ekintzaile eta enpresari txikientzako prestakuntza saio bat antolatu dute, Gizarte Segurantzaren baitako autonomoen legedian 2019rako egondako berrikuntzei buruzko tailerra egingo da. Saio bakarreko ikastaro trinkoa izango da, eta ordu eta erdiko prestakuntza eskainiko dute  Urola Kostako Udal Elkartearen egoitza nagusian, 09:30etik 11:00etara.

Horrez gain, martxoan salmenta eta komunikazioari buruzko hainbat tailer praktiko egingo dituzte. Hurrengo astetan emango du udal elkarteak horren berri.

Helburuak
Ekimenaren helburu nagusia da ekintzaile eta enpresarien lana eskertu eta ezagutzera ematea. "Eta, jakina, beren lana balioan jartzea", azaldu dute udal elkartetik. Izan ere, Urola Kostan ekintzaile eta enpresari asko ari dira proiektu, negozio eta enpresak aurrera ateratzen. "Lan horrek gure eskualdeari ekartzen dion onura ekonomiko eta soziala ezagutzera ematen jarraitu nahi dugu".

Aldi berean, enpresari eta sustatzaileen arteko harremana ere sustatu nahi dute, eta izan ditzaketen beharrei erantzuteko laguntza eta baliabideak eskaini nahi dizkie.

Egitasmoari buruz eta urte osoan zehar burutuko diren ekimen ezberdinei buruz informazio gehiago jasotzeko, hona hemen informazio-guneak: www.ekiten.org 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!