Angulazaleak Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendariarekin bildu dira

Karkara 2019ko ots. 10a, 11:54

Atzo izan zen bilera Orioko Salatxo aretoan, eta Eusko Jaularitzako Arrantza Saila eta angulazaleak adostasunera iritsi ez badira ere, uda ondoren beste bilera bat egitekotan geratu dira.

Atzo goizean Orioko, Aginagako, Zumaiako eta Debako angulazaleak Orioko Salatxo aretoan bildu ziren, Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendari Leandro Azkue oriotarrarekin bilera egiteko. 11:00etan hasi zen batzarra, baina elizako kanpaiek hamaikak jo aurretik, aretoa leporaino beteta zegoen. 

Bilera itxia izan bazen ere, batzarraren aurretik Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendariak hitzorduaren nondik norakoak azaldu zizkion KARKARA-ri. "Hasiera batean, bileraren helburu nagusia aurtengo angularen kanpainaren datuak aurkeztea eta balorazioa egitea da, aurreko batzar batean azaldu baikenizkien ontzitik angulak harrapatzeko epealdia murrizteko arrazoiak".

Azkuek adierazi zuenez, Europa mailan angularen egoera "larria" da. "Arriskuan dagoen espeziea da, eta Europar Batasuneko hainbat herrialde hasi dira dagoeneko neurriak hartzen. Euskadin angularen arrantza aisialdirako arrantzaren barruan sailkatzen dugu, eta ondorioz guk ere neurriak hartu behar genituela erabaki genuen, espeziaren biziraupena bermatzeko". Eusko Jaurlaritzako Arrantza Zuzendariak jakin badaki hartutako neurria ez dela angulazaleen gustukoa izan. "Espero genuen angulazaleen erantzuna, neurri mugatzaileak ez baitituzte gogoko sufritzen dituztenek. Dena dela, aurtengo kanpainako datuak aztertu, eta datorren kanpainaren inguruan hausnartuko dugu datozen hilabetetan; horretarako, bilduko gara berriz ere angulazaleekin".  

Angula zaleak haserre
Angula zaleak haserre irten ziren bileratik, ez baitzitzaien egokia iruditu Eusko Jaurlaritzako ordezkariak bileran izandako jarrera. "Alde batetik, ez diete komunikabideei sartzen utzi, eta hori ez zaigu bidezkoa iruditu. Gainera, ez dute gurekin hitz egin nahi izan. Ez diote arazoari irtenbiderik eman nahi, ez digute proposamenak aurkezteko aukerarik ere eman. Bileran aipatu dutenez, lehorreko angulazaleekin bildu da Leandro Azkue, baina ontzitik anguletan jarduten garenokin ez da elkartu. Modu horretan angulazaleon artean liskarra edo konfrontazioa sortu nahi du, eta zaigu joko egokia iruditzen", azaldu zuen bileraren bukaeran Unai Eizagirre angulazaleen bozeramaileak.

Eusko Jaurlaitzaren jarrera ezagutzen badute ere, angulazaleek arazoari konponbidea emateko lanean jarraitzeko asmoa dute. "Uda ondoren beste bilera bat egitekotan geratu gara. Espero dugu ordurako jarreraz aldatzea, eta ontzitik angulak harrapatzeko ezarri duten epea negoziatzeko prest azaltzea. Proposamenak egin nahi ditugu, bi aldeen artean aukera desberdinak aztertu, eta denontzat onuragarria izango den alternatiba adostu nahi dugu Eusko Jaurlaritzarekin".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!