Udal Elkarteak dirulaguntzak emango dizkie eskualdeko ekintzaileei, beren proiektuak lantzeko

Udal Elkarteak dirulaguntzak emango dizkie eskualdeko ekintzaileei, beren proiektuak lantzeko

Otsailaren 27ra bitartean aurkeztu daitezke proiektuak.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Urola Kostako Udal Elkartearen laguntzarekin, programa bat jarri du martxan bere enpresa-ideia landu edota sortu nahi duten ekintzaileentzat.

Hiru hilabeteko iraupena izango du programak eta, horren bidez, ekintzaileek aukera izango dute taldeko saio eta bakarkako tutoretzen bitartez beren enpresa-ideiak lantzeko eta enpresa sortzeko. Era berean dirulaguntza jaso ahal izango dute, prozesuan parte hartzeagatik.

Dirulaguntzak
Bi dirulaguntza-mota daude. Alde batetik, enpresa-ideiak aztertzeko diru laguntzak izango dira sustatzaileentzat. Laguntza gehienez 1.000 eurokoa izango da sustatzaile bakoitzeko. Zenbateko horrek %15eko igoera izango du, baldin eta eskabidea aurkezteko unean sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30etik beherakoa bada. Horrez gain, beste %15eko igoera izango du baldin eta sustatzailea emakumezkoa bada.

Bestetik, enpresa berria sortu eta alta emateko diru laguntzak ere izango dira. Laguntza gehienez 1.500 eurokoa izango da. Zenbateko horrek %15eko igoera izango du, baldin eta eskabidea aurkezteko unean sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30etik beherakoa bada. Horrez gain, beste %15eko igoera izango du baldin eta sustatzailea emakumezkoa bada.

Epeak eta eskabideak
Sustatzaileek enpresa-jarduera berriak edota beren enpresa-ideia berriak aurkezteko epea zabalik izango dute otsailaren 19tik otsailaren 27ra bitartean. Eskaerak Urola Kostako Udal Elkartean aurkeztu behar dira.

Eskaera egiteko oinarriak eta eskaera orria, Urola Kostako Udal Elkarteko web orrian egongo dira eskuragai otsailaren 19tik aurrera (www.urolakosta.eus).

Baldintzak
Hauek dira diru laguntza eskatzeko baldintzak:

  • Eskualdean erroldatua egotea
  • Aurreko urtean IAEn altan emanda ez egotea
  • Langabezian inskribatuta egotea
  • Aurreko urtetan gai bererako dirulaguntzarik ez jaso izana
  • Programan modu esklusiboan parte hartzea (edo, gehienez, %30eko lanaldia izatea)

Informazio gehiago

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!