'Ultreia', Donejakue bidean aurrera

Karkara 2019ko ots. 26a, 18:00
Nadeth eta Rosa Arruti Orioko erromesen aterpertxearen sarreran. (Aiora LarraƱaga Solaberrieta)

Azken urtetan gorakada nabarmena izan du Kostako Donejakue Bideak, eta horren lekuko izan da Orioko ‘Aldape’ baserriko Rosa Arruti, Orioko Erromesen Aterpetxeko arduraduna. 

Eguraldi ona iristearekin batera ireki du Rosa Arrutik Orioko Erromesen Aterpetxea. Negu partean txukunketa lanak egiten aritu da, eta indarberrituta abiatu du denboraldia; aurten gainera Nadeth Arruti iloba izango du laguntzaile. Pasa den astean ireki zuten aterpetxea, eta dagoeneko iritsi dira sasoiko lehen erromesak.

Hogei lagunentzat tokia du Arrutik aterpetxean; lotarako eta dutxatzeko lekua eskaintzeaz gain, nahi izanez gero janaria prestatzeko edo atseden hartzeko txokoa ere egokitu ditu. "Erromesentzat garrantzitsuena lo egiteko koltxoi on bat, eta dutxatzeko tokia izaten dira. Horrez gain, aterpetxearen kanpoko aldean egurrezko etxetxo batean sukaldetxoa eta atseden hartzeko gunea ere jarri ditugu. Modu horretan, ohean etzanda egon beharrean, bertan egon daitezte elkarren artean berriketan, irakurtzen edota hurrengo eguneko etapa prestatzen. Asko gustatzen zaie txoko hori". Eta ez da gutxiagorako, naturan kokatuta, bista ederrak baititu Orioko Aldape baserrian dagoen aterpetxeak. San Martin ermitatik gertu, Oria ibaia eta Aiako mendiak ikus baitaitezke bertatik. "Lekua zoragarria da, eta hemendik pasatzen diren erromes guztiek azpimarratzen dute inguruaren edertasuna".

Bidearen gorakada
Abiatu berri duen denboraldia hamabosgarrena izango da, eta aterpetxea ezaguna da dagoeneko Donejakue Bidea egiten dutenen artean. "Hasieran oso erromes gutxik hartzen zuten ostatu Orion, berez Orio ez baita etaparen amaiera, eta Zarautza iristea izaten zuten normalean erromesek helburu. Guk egunak eta egunak pasatzen genituen inor gabe aterpetxean". Hala ere, pixkanaka espezializatutako foroetan eta blogetan gero eta ezagunagoa egin da Orioko aterpetxea, "eta asko dira gure aterpetxean geratzeko espresuki Orion etapa bukatzen dutenak".

Maiatzean dagoeneko ia beteta izaten du aterpetxea Rosa Arrutik, eta udan leku falta arazo larria dela nabarmendu du. "Urtez urte hazten ari da Kostako Donejakue bidea egiten duten erromesen kopurua, eta tamalez Euskal Herrian ez dago erromes horiek guztiak hartzeko adina aterpetxe. Iaz esaterako hamar mila erromes inguru pasa ziren Oriotik, eta ia lau milak pasa zuten gaua gurean". Dena dela, asko eguna oinez pasa ondoren lo egiteko tokirik gabe geratzen dira; pasa den udan esaterako ehundaka erromesek lo egin behar izan zuten San Martin ermitaren eta Orioko elizaren zimitorioetan lurrean etzanda, aterpetxean eta inguruko landetxe eta hoteletan ostatu hartzeko tokirik ez zegoelako. "Aterpetxea betetzen zaigunean, inguruko nekazal etxeen berri ematen diegu erromesei, eta kotxean ere eraman izan ditugu bertara, oinez datozenez bidetik gehiegi urrundu ezin dutelako. Egoera oso zaila izaten da, hotel batean gela ordaintzeko dirua izanda ere, beteta egoten baitira uztailean eta abuztuan hemengo ostatuak. Ezintasunak jota negarrez ikusi ditut erromes asko eta asko, lo egiteko tokirik aurkitzen ez zutelako".

Turismoaren eragina
Kostako Donejakue Bideko erromesen gorakada faktore askok eragin dutela dio Rosa Arrutik. Alde batetik, uste du gizartea krisian dagoenean isilpean dagoen bideak bizitza hartzen duela eta martxan jartzen dela. "Donejakue Bidearen historian ikertzen badugu, ikusiko dugu gizartea krisi existentzial baten noraezean dagoenean, Donejakue Bideak indarra hartzen duela. Izan ere, barne hausnarketa egin behar duten asko motxila hartu eta bidean murgiltzen dira, egunerokotik ihes egin eta pentsatzeko". Beraz, Donejakue Bidea eliza katolikoaren erromes bideetako bat bada ere, Arrutik argi du barne gogoeta egiteko erabiltzen dutela fededunak ez direnek ere.

Horrez gain, turismo arloan egiten zaion promozioak ere eragina izan duela uste du. "Erakunde publikoek lan handia egin dute Kostako Donejakue bidea ezagutarazten, baina ahaztu egin dira erromesak hartzeko behar diren aterpetxeez». Ildo horretan, Arrutiren esanetan urte sasoiaren arabera, erromes mota aldatu egiten da. Nabarmendu du aterpetxea ireki zuenean, erromesa Santiagora zihoan erromesa izan ohi zela. "Orain berriz, uda partean nagusiki, turismoa egiteko aitzakia bezala hartzen dute askok Donejakue Bidea. Bideko egiaztagiria eskuratzen dute, eta etapa gutxi batzuk egiten dituzte, borondatearen edo euro gutxi batzuren truke aterpetxeetan ostatu hartuta. Horrek goraino bete ditu aterpetxeak, eta askotan ez dugu tokirik izaten Santiagora doazen erromesentzat".

‘Ultreia’, aurrera
Rosa Arruti erromesa izanda, eta argi du Donejakue Bideak erromesa "katigatu" egiten duela. Hala ere, uste du gutxienez hamabost egun behar direla bideak onartua izateko. "Hau da, bidean murgilduta gaudela sentitzeko. Erromes askok Irunen hasten dute bidea, eta hasiera gogorra izaten da. Oriora iristen direnean bidea bertan behera uzteko gogoa ere izaten dute, baina gu animoak eta gomendioak emateko gaude hemen. Beti esaten diet nekeaz ahazteko eta bidea jarraitzeko".

Donejakue Bideko erromesek elkar agurtzeko eta animoak emateko Ultreia hitza erabiltzen dute. Izan ere, Donejakue Bidea bizitza bezalakoa da, gorabeheratsua. "Bidean daudenak ohartzen dira ezer gutxi behar dutela bizitzan aurrera egiteko, eta askatasuna sentitzen dute. Hala ere, zenbait zailtasuni aurre egin behar izaten diete: beroa, hotza edota euri zaparradak izaten dituzte bidelagun. Horrez gain, egun osoa oinez pasa ondoren aterpetxera iritsi eta beteta dagoela ohartzen dira. Horrelakoetan, bidean konfiantza izateko nabarmentzen diet erromesei, Ultreia!».

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!