Enpresa kudeaketa ikastaroa antolatu du UKUEk pertsona ekintzaileei edota mikroenpresetako enpresariei bideratuta

Karkara 2019ko mar. 11a, 11:00

4 orduko 5 saiotan antolatu da ikastaroa; saio guztietan edota banakako saioetan eman daiteke izena.

Urola Kostako Udal Elkarteak ikastaro berri bat jarri du martxan; pertsona ekintzaileei edota mikroenpresetako enpresariei bideratutako enpresa kudeaketa orokorrari buruzko ikastaroa da.

Ikastaroaren helburu nagusia da ekintzaile nahiz enpresariei beren ideia edota enpresei buruzko hausnarketa sustatzea. Aldi berean, kudeaketa eraginkorrago bat lortzeko bidean, hainbat erreminta eskainiko zaizkie parte hartzaileei.

Guztira, 20 orduko prestakuntza eskainiko da Urola Kostako Udal Elkartearen egoitza nagusian. Saioak martxotik maiatzera bitartean izango dira; asteazkenetan 09:30etik 13:30era. 4 orduko 5 saiotan antolatu da ikastaroa. Saio bakoitzean prestakuntza-modulu bat eskainiko denez, aukera izango da ikastaro osoa egiteaz gain, moduluka izen emateko.

Hona hemen prestakuntza ikastaroaren gaitegia, saioz saio:

  • 1. saioa: Negozio plana. Zer da eta zertarako balio du? Planifikazioaren garrantzia eta jardueraren antolakuntza eraginkorra. Data: Martxoak 13
  • 2. saioa: Forma juridikoak eta eratzeko izapideak. Data: Martxoak 20
  • 3.saioa: Jardueraren kudeaketa eta kontrol ekonomikoa egiteko erremintak. Data: Apirilak 3
  • 4.saioa: Ogasunarekiko betekizunak: BEZ eta PFEZ. Data: Apirilak 10
  • 5.saioa: Lan arloa. Autonomoen erregimena berezia. Erabiltzen diren dokumentuak. Data: Maiatzak 8

Argibideak eta izen-ematea:
Argibideak jaso edo izena eman nahi dutenek Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan izango dute horretarako aukera, Enpresa Sustapena Zerbitzuan. Nahi izanez gero, 943 890808 telefono zenbakira deitu edo jpino@urolakosta.eus helbidera idatzi dezakete herritarrek.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!