Tokaio

Eli Manterola 2019ko mar. 31a, 20:00

Eli Manterolak KARKARAren 404. zenbakirako idatzitako iritzia, 'Nire Honetan`atalean.

Badira oso arruntak diren abizenak, eta auskalo zenbat izango garen bazter hauetan Manterola abizena dugunak.
Izen-abizen berdinak topatzea ere ez da hain zaila. Urrutira gabe, badut nik nire izen-abizen berdinak dituen lehengusu txiki bat herrian;
izena bera diferente idatziagatik ere hainbat eta hainbatetan konfunditu gaituzte.

Postariak batarentzat zen paketea besteari entregatu zion batean. Mediku- hitzordua bertan behera uzteko deitu zuen nire tokaiak behin,
eta nirea utzi zuten bertan behera uste gabe kontsultan. Karkararako zenbait etxeko-lan bidali zizkidaten erredakziotik duela gutxi emailez, baina mezua ez nuen nik jaso, beste Elik baizik.

Kalean elkartu ginen azkenekoan, barrez aritu ginen, eta segidan halaxe esan zidan lehengusu txikiak: txintxo ibili eta ez egin ezer
arrarorik! Bestela ni izan naizela pentsatuko dute eta! Makina batek izango du tokaioren bat herrian edo inguruetan, eta ez dakit gurekin adina konfunditu izango ziren zuekin.

Entzuna dut ebakuntza egin aurretik medikuek gaixoari galdetu egiten diotela, ea zein hanka duen hautsita, bada ez bada.
Gertatu izan omen da eta izen bereko beste gaixoren batekin konfunditu eta okerreko aldekoa operatzea.

Gogoratu beharko diot traumatologoari eskubiko belauna operatu behar didala, ez badio dagoeneko beste Eliri deitu nire partez!

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!