2019ko udal hauteskundeak

Kostako EH Bilduren bost alkategaiak, bat eginda

Udal hauteskundeen harira, ekitaldi politikoa egin zuen atzo EH Bilduk Zarautzen.

Maiatzaren 26ko udal hauteskundeetara begira, EH Bilduk ekitaldi politikoa egin zuen atzo Zarauzko Merkatu Plazako bigarren solairuan. Bertan izan ziren, Juan Karlos Izagirre Gipuzkoako Ahaldun Nagusigaia eta Mertxe Aizpurua Kongresurako Gipuzkoako hautagaiarekin batera, kostako bost alkategaiak: Itziar Murua (Zarautz), Haritz Alberdi (Getaria), Anuska Esnal (Orio), Iñaki Ostolaza (Zumaia) eta Iñaki Telleria (Aia).

Muruak hartu zuen hitza alkategaien izenean. Urola Kostako Udal Elkartean azken legealdian egindako lana izan zuen hizketagai: “Lan handia egin dugu lan baldintzak hobetzen, birziklapenean, euskaran eta gizarte zerbitzuetan. Diruz lagundu ditugu kontratu mugagabeak eta emakumezkoenak”. Muruaren arabera, aurrerantzean ere, pertsonen beharrei erantzuteko neurriak hartuko dituzte. Eskualdean bizi proiektua gauzatzeko aukerak sortzeko lanean jarraituko dutela azaldu zuen: “Norabide horretan egingo dugu lan”.

Koalizioko kide izateaz “harro” sentitzen dela azaldu zuen Izagirrek. Haren hitzetan, aukera onena da gauzak aldatu eta herri hobeago bat egiteko, “herriarekin lana egin eta herria egiteko”. Gipuzkoa “zoragarria” izan arren, zer hobetua badela uste du Izagirrek. Herrialde justuago baten alde lan egiteko konpromisoa hartu du: aberastasuna era egoki batean banatuz edota 1.200 euroko soldata gainditzen duten lan duinak sortuz. Oro har, pertsonak duintasunez bizitzeko neurriak dira, Izagirreren hitzetan, hartu beharrekoak. Zaintza lanei erantzun bat ematea eta egoitzetan lan egiten dutenei baldintzak hobetzea ere aipatu zituen.

Pertsonak erdigunean jarriko dituen politikak behar direla uste du Ahaldun Nagusigaiak. “Pertsonak erdigunean jartzea, ordea, ez dira murrizketak eta lurralde desoreka”. Gipuzkoa “behetik gora” eraikitzea da gakoa, koalizioaren arabera. “Inoiz baino lan gehiago” egin beharra dagoela adierazi zuen Izagirrek, eta, horretarako, instituzioetan ere egon beharra dagoela uste du: “Eskualdean potentzial izugarria dago. Ez dugu aitzakiarik”.

Usurbilgo alkatea izan zen Mertxe Aizpurua 2011 eta 2015 artean, eta Udalbiltzako presidentea 2013 eta 2016 artean. “Baieztatu dezaket EH Bildu herritik jaioa dela eta horrek zuzentasunez jokatzera garamatza”, adierazi zuen Aizpuruak.

Hauteskundeak “testuinguru berezi batean” gauzatuko direla ekarri zuen gogora. Horregatik, ezkerreo subiranistak inoiz baino gehiago izango direla uste du. Elkarlanean jardungo dutela azaldu zuen, ondo koordinatuta, jendeak bizi baldintza duinak izan ditzan. “Madrilen izango gara autodeterminazioaren alde, preso eta iheslariak etxera ekartzeko eta emakumeon eskubideen alde lan egiteko”.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!