Greban daude adinekoen egoitzetako langileak

Karkara 2019ko api. 29a, 15:58
Oriotik hasita auto karabana egingo dute bihar adinekoen egoitzetako langileek. (LAB sindikatua)

LAB eta ELA sindikatuek datozen egunetarako lanuzteak deitu dituzte adinekoen egoitzetan. Bihar mobilizazioak izango dituzte langileek; goizean auto karabana egingo dute Orioko kanpinetik hasita.

LAB sindikatuak apirilaren 18an salatu zuenez, herrialde mailako hitzarmenik gabe jarraitzen dute Gipuzkoako adinekoen egoitzetako 5.000 langilek. Lan gatazka hasi zenetik, 50 lanuzte egunetik gora izan dituzte egoitzetako beharginek. ELAk pasa den ostiralean, apirilak 26, adierazi zuen Gipuzkoako Foru Aldundia dela "erantzule nagusia"; izan ere, "arrazoi politikoak tarteko", langileen ordezkariek patronalarekin adostutako akordioa ez finantzatzeko hautua hartu du.

LABek ere gaitzetsi zuen aldundiaren jarrera: "Ahoa betetzen zaio, helduen egoitzetako zerbitzuaren inguruan hitz egitean, baina ezinbesteko zutabea diren langileak baztertzeko erabakia hartu du". Aldundiak negoziazio prozesuan "joko zikina" bultzatzen duela gehitu zuen sindikatuak, eta  "negoziazio mahaiari balioa kentzea, mahaia blokeatzea, eta sektorean mesfidantza sortzea" lortu duela ere salatu zuen.

Greba deialdiak datozen egunetarako

LAB eta ELA sindikatuek datozen egunetarako greba deialdi berriak egin dituzte Gipuzkoako adinekoen egoitzetan. ELAk ostiralean, apirilak 26, egin zuen lanuzterako deialdia, eta maiatzaren 10era arte luzatuko du. "Langileen haserrea gero eta handiagoa da", nabarmendu zuen Txomin Lasa bozeramaileak. LABek, aldiz, sei egunetarako deitu du greba: gaurko, apirilak 29; biharko, apirilak 30; maiatzaren 2rako, 3rako, 4rako eta 5erako.

Bihar zenbait mobilizazio izango dituzte beharginek. 09:30etatik aurrera, auto karabana egingo dute Urola Kostatik, Orioko kanpinetik hasita.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!