Testu eta mezu laburrak lantzeko ikastaroa antolatu du UKUEk

Karkara 2019ko api. 29a, 17:30

Enpresa Euskaraz Handitzen proiektuaren barruan prestatu dute ikastaroa, eta "enpresa txikiei eta ekintzaileei" zuzendutakoa dela azaldu dute antolatzaileek. Guztira, hiru saio egingo dituzte.

Urola Kostako Udal Elkarteak euskarazko testu eta mezu laburrak lantzeko ikastaroa antolatu du, Enpresa Euskaraz Handitzen egitasmoaren barruan. "Enpresa txikiei eta ekintzaileei" zuzendutako saioak izango dira, eta antolatzaileen arabera, "lanean ohikoak dituzten testu eta mezuak euskaraz idazteko tresnak eta aholkuak" eskainiko dizkiete bertaratzen direnei. Horretarako, besteak beste, Euskaltzaindiaren oinarrizko arauak landuko dituzte, eta testuen egituraketa ere aztertuko dute.

Hiru saio egingo dituzte ikastaroan; hain zuzen, maiatzaren 8an, 22an eta ekainaren 5ean. Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan (Zarautz, Urdaneta bidea 6) izango dira, 13:30etik 15:00etara.

Izen-ematea zabalik

Ikastaroan parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete jada. Horretarako, hiru aukera desberdin dituzte: Urola Kostako Udal Elkartearen webgunean (urolakosta.eus) argitaratu duten inprimakia betetzea, handitzen@urolakosta.eus helbidera mezu bat bidaltzea edo 943 890 808 telefono zenbakira deitzea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!