Politikan ez dago gauza politikan

Xabier Etxeberria 2019ko mai. 3a, 13:09

Xabier Etxeberriak KARKARAren 405. alerako politikaren inguruan egindako kritika. "Kennedy vs Nixon, historiako lehen telebista debatea. Politika gaur egun ezagutzen dugun moduan sortu zenekoa: itxurak baldintzatua alegia".

Lazkao Txikik esana omen da esaldi hori politikan ez dago gauza politikan eta, alde batera, arrazoi osoa ematen diodan arren, politikaren munduak kosmetika puska ederra duenik ezin ukatu.

Gaur egun bai behintzat. Komunikabideek izugarri aldatu baitute hori (ere). Pasa den mendeko 30eko hamarkadan telebistarik izan balitz Roosevelt zaharrak –polioaren eraginez bi zangoetatik elbarritua- nekez irabaziko baitzituen lehendakari izateko hauteskundeak.

Eskerrak argazkiak (bakarrik) zeuden. Yaltako ezagun hori adibidez, Roosevelten ezker-eskuin Churchill eta Stalin eserita azaltzen direna, amerikarra aulki gurpildunean nabarmen ez lagatzeko.

Bigarren Mundu Gerraren ondoren, baina, liztor asiarra baino bizkorrago zabaldu zen telebista Ameriketan eta, aditu guztien esanetan, tranpolin huraxe baliatu zuen USAk izan duen lehendakari gazte eta guapoenak: Kennedyk.

1960ko irailak 26, Kennedy vs Nixon, historiako lehen telebista debatea. Politika gaur egun ezagutzen dugun moduan sortu zenekoa: itxurak baldintzatua alegia. Nixon zen faborito garbia inkesta guztietan. Beharbada horregatik joan zen hain lasai, lasaiegi, traje gris itsusi batekin eta makillatu gabe. Kennedy, berriz, bere ezkontzan baino dotoreago eta propio eguzkia hartuta, Hollywoodeko aktore baten itxurarekin.

Debatea zuzenean irratiz eta telebistaz eman zen, eta datu bat da kuriosoa: telebista- ikusleen iritzian Kennedyk egundoko jipoia eman zion Nixoni, irrati- entzuleentzat Nixon hobeto aritu zen ordea.

Ordutik, lezioa ederki ikasi dute bazter guztietan eta politikan aurpegi polit ugari erakusten dizkigute. Espainiako hauteskundeetan, fobia eta lia guztiak albo batera utzita, ez didazue esango lehendakari izateko hautagai ugari –Sanchez, Rivera, Casado bera- itxura oneko gizasemeak ez direnik. Eta emakumeak atsegin zaizkienentzat, begira Ines Arrimadas esate baterako, ideiengatik adina bere lerdentasunagatik boto mordoxka arrimatzen duenik ezin ukatu.

Aizue, eta ez pentsa hori Ebrotik beherako kontua soilik denik. Edo Garaikoetxearen sex- appeal efektua ahaztua zaigu? Edo gaurko adibide bat ipintzearren, beti miretsi izan dut Borja Semperrek nola baliatzen duen bere latin lover piura botoak erakartzeko. Ai, baina barkatu, nahastu egin naiz, hori ez da politika, Donostia da...

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!