Kiroldegia: Txarra eta garestia

Mikel Borda 2019ko mai. 3a, 13:20

Mikel Bordak KARKARAren 405. zenbakirako idatzitako iritzia, 'Akuilua hartuta' atalean. "Txikitan beti esaten zidaten lanak ez direla azken mementorako utzi behar. Dirudienez, kiroldegikoei ez zieten hori erakutsi".

Azkenaldian geroz eta argiago geratzen ari da kiroldegiak duen arazoa, prezioa eta kalitatea ez datoz bat.

Inguruko kiroldegiekin alderatuz, Donostian, kirol txartelarekin heldu arrunt baten urteko kuota 201,7 eurokoa da; 16,8 euro ateratzen da hileko. Bertako 16 kiroldegietan sartzeko aukera izateaz gain, horietako askok doako klaseak dituzte.

Orion aldiz, 25 euro ordaindu behar dira hilean, eta eskaintza txikiagoa da, muskulazio gela eta igerilekua erabili daitezke, klaseak eta beste jarduerak, padela esate baterako, aparte ordaindu behar dira.

Gainera ikasle edo langile izan berdin ordaintzen da.

Kalitateari dagokionez ere, egoera ez da egokia. Muskulazio gelako hainbat makina zaharkituta eta matxuratuta daude, eta azken urteetan kirola egitera animatu den jendea dela eta, espazioa txiki geratzen ari da.

Hortaz aparte, aireztatze sistemak ere ez du behar bezala funtzionatzen eta giro oso hezea sortarazten du horrek. Neguan hotza egiten du gela barruan, eta udan aldiz beroa. Aldageletan ere, berogailuak urte guztian tenperatura berbera mantentzen du.

Horrez gain, eguerdietan itxita egoten da, eta udan bi astez. Beste lekuetan ez da horrela izaten.
Urtean zehar iradokizunak egiteko orriak jartzen dituzte eta behin baino gehiagotan, kexarik izanez gero, bertan idazten ditugu hobetu beharreko gauzak.

Aldaketak egiten ari diren arren, hobe lukete erabiltzaileon iritziak gehiago hartuko balituzte kontuan.

Txikitan beti esaten zidaten lanak ez direla azken mementorako utzi behar. Dirudienez, kiroldegikoei ez zieten hori erakutsi.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!