Realak bihar jokatuko du Kopako finala, aurrenekoz

Karkara 2019ko mai. 10a, 14:30
Realak Granadan izango du Kopako finala. (@RealSociedadEUS)

Realak lehenengo aldiz jokatuko du Espainiako Kopako finala, bihar, Granadan. Atletico Madrilekin neurtuko dituzte indarrak. Ainara Manterola eta Ainhoa Mateos Realeko jokalari ohiekin hitz egin du KARKARAk. Larunbateko norgehiagoka, taldekideen itzalpeko lana eta emakumeen futbola izan dituzte hizpide, besteak beste.

Bihar, larunbata, Realeko emakumezkoen futbol taldeak Espainiako Kopako finala jokatuko du, aurrenekoz. Granadako Los Carmenes estadioan izango da partida, eta Realekoek Atletico Madrilekin neurtuko dituzte indarrak. Talde txuri-urdinak duela bost hilabete inguru hasi zuen Kopako finalera iristeko borroka, azaroan, eta hiru talde mendean hartuta eskuratu dute Los Carmenesen lehiatzeko txartela; hain zuzen, Valentzia final zortzirenetan, Rayo Vallecano final laurdenetan eta Sevilla finalerdietan.

Historia egiten

Sevillaren aurkako finalerdia Anoetan izan zuen Realak, eta ia 20.000 pertsona bertaratu ziren partida ikustera. Hala, garaipenarekin, sekulako festa izan zen estadioan. Ainara Manterola Realeko jokalari ohiaren iritziz, garrantzitsua izan zen Anoetan jokatzea; bai kirol arloan, taldeak "finalerako pausoa emateko", bai zaletasunari begira. Izan ere, "gipuzkoar asko eta asko" emakumezkoen futbolera "lotzea" lortu zutela uste du Manterolak, emakumezkoen futbola "ikustera joateko zein jarraipena egiteko".

Bestalde, beste finalerdian Atletico Madril eta Bartzelona aritu ziren nor baino nor, eta 2-0 markagailuarekin, madrildarrek lortu zuten finalerako sailkatzea. Bihar 20:30ean emango diote hasiera Kopako azken norgehiagokari. Ainara Manterolaren esanetan, "pozgarria da klubarentzat eta Gipuzkoa osoarentzat" donostiarrak finaleraino iristea lortu izana: "Zerbait historikoa egitera iritsi daitezke".

Ainhoa Mateos ere taldeko jokalari ohia da, eta uste du "ilusio asko" nabari dela inguruan finalaren harira: "Jokalariak gogotsu daude, zaleak eta kluba ere bai". Realak aurrean izango duen taldeak "maila handia" duela nabarmendu du Mateosek, eta beraz, donostiarrek "dena ongi" egin beharko dutela garaipena poltsikoratzeko. Bestalde, ligako talde gazteena izateak, maila horretako partidetan "esperientzia gutxiago" izatea dakarrela adierazi du.

Itzalpeko lana eta fruituak

Dena den, oriotarraren esanetan, Realak "badu irabazteko maila", "oso talde sendoa" osatu baitu: "Nik horrekin amestuko dut". Azken urteetan Reala "lan ona" egiten ari dela dio: "Etxeko jokalariekin hasi zen taldea nazioarteko bihurtzen ari da, eta horrek beste helburu batzuei begira jartzea dakar. Jokalari batzuek beste eskakizun batzuk dituzte egun, emaitzak nahi dituzte".

Mateosek zein Manterolak azaldu dutenez, hamaika kidek gogor lan egin dute Realean, urte askotan. "Talde horrengatik neska gipuzkoar askok egin dugu lan, itzalpean, eta poza ematen du bide hori fruituak ematen ari dela ikusteak; gero eta oihartzun gehiago dutela konturatzeak, eta hori guztia gurea ere badela jakiteak", adierazi du Manterolak. "Merezita dute neskek, ea finala gozatzea lortzen duten. Niri ere ilusio asko egiten dit Reala finalean ikusteak. Inbidiarik ez dut izango, bere garaian gozatu nuen nahikoa. Orain, Etxezarreta, Iparragirre, Quiñones, Ramajo eta abarrek gozatu dezatela", dio Mateosek.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!