Ekainean irekiko dute Zumaiako Soldadura Zentroko izen-ematea

Karkara 2019ko mai. 20a, 19:00
Zumaian soldadura, fabrikazio eta muntaketako Oinarrizko Lanbide Heziketa ikasi dezakete gazteek. (UKUE)

Ekainean irekiko dute datorren ikasturterako UKUEren Zumaiako Soldadura Zentroan izena emateko epea. Bertan soldadura, fabrikazio eta muntaketako Oinarrizko Lanbide Heziketa ikasi dezakete Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza gainditu ez duten gazteek.

Ekainean irekiko dute Urola Kostako Udal Elkartearen Zumaiako Soldadura Zentroan izena emateko epea. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza gainditu ez duten 15, 16 eta 17 urteko gazteek soldadura, fabrikazio eta muntaketako Oinarrizko Lanbide Heziketa ikasi dezakete bertan.

UKUEk azaldu duenez, bi helburu nagusi ditu lanbide heziketa horrek; batetik, ikasketa praktikoaren bidez soldadura, fabrikazio eta muntaketaren oinarrizko ezagutzak barneratzea, eta bestetik, erdi mailako ziklo bat eginez ikasketei jarraipena ematea. Bi ikasturte barnebiltzen ditu zikloak, eta bigarrengoan, eskualdeko lantegietan edota udaletan praktikak egiten dituzte ikasleek. Irailetik ekainera izan ohi da ikasturte bakoitza, eta goizez egiten dituzte eskolak.

Ekaina hasieran irekiko dute aurre izen-ematea, bi astez. Izena eman nahi dutenek Soldadura Zentrora bertaratu beharko dute. Argibideak beharrez gero, interesa dutenek Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzara edo Zumaiako Soldadura Zentrora jo dezakete; bestela, 943 862 576 telefono zenbakira deitzeko edota soldadurazentroa@urolakosta.eus helbidera mezu bat igortzeko aukera ere badute.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!