"Ez da kasualitatea"

Karkara 2019ko mai. 23a, 11:00

Orioko Xaltxerak Emakume Taldeak KARKARAren Hauteskundeetako ale berezirako idatzitako iritzia, "Adarretatik Helduta" atalean.

Laugarren olatu feministan murgildu garen honetan, emakumeok* gizarteko esparru ezberdinak hartzen ari gara: bertsolaritza, kirola, eta baita politika ere; modu horretan, historikoki lehen aldiz, Orion, 2019ko udal hauteskundeetan, alkatetzarako lau hautagaietatik hiru emakumeak dira: Ana Priede, Anuska Esnal eta Lourdes Salsamendi. Ez da kasualitatea.

Kontuan izanda emakumeok esparru pribatutik publikorako bidean oztopo gehiago ditugula (erreferente gutxi, esparru pribatuaz arduratzeko heziak,…), nabarmentzekoa da Orioko herriaren kudeaketaren buru izateko hartu duten erronka. Maskulinizatua izan den eremu batean, emakumeak ikustea oriotarrontzat eredugarria da, hala ere, historiak erakutsi digu nahiz emakumeak erabakiak hartzeko espazioetan egon, ez dela bermatu politika feministak gauzatzea; izan ere, emakume izateak ez dakar berarekin feminista izatea.

Oriori begira, badira landu beharreko oinarrizko zutabeak, besteak beste, indarkeria matxistaren prebentzioa, emakumeon ahalduntzea sustatzea eta gizonen maskulinitate eredu berriak bultzatzea. Hori gauzatzeko, ordea, beharrezko deritzegu neurri zehatz hauei: berdintasun sail propioa eta berdintasun teknikari bat, zeharka edo transbertsalki arlo guztietan eragingo duena (gazteria, hezkuntza, hirigintza, kultura,…), eta hori burutu ahal izateko aurrekontua.

Orion pauso handiak ematen ari gara, horren erakusgarri emakumeon presentzia eremu sozio- politikoan. Ez gaitezen hor geratu, hurrengo lau urteetako erronka aipatu ditugun politika feminista horiek martxan jartzea izan dadila.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!