Orioko eta Aiako hainbat sortzaileren esperientziak aurkeztuko dituzte Irunen

Karkara 2019ko mai. 28a, 13:00
(UKUE)

Urola Kostako Udal Elkartearen Networking programaren barruan, sortzaileen topaketa egingo dute Irunen, eta eskualdeko hainbat esperientzia azalduko dituzte bertan. Besteak beste, Eneko Balerdi, Maialen Sarasua eta Martin eta Xabier Etxeberria anaiak izango dituzte hizpide.

Eskualdeko zazpi ekimen "arrakastatsu" aurkeztuko dituzte hurrengo astean Irunen egingo duten sortzaileen arteko topaketan. Urola Kostako Udal Elkarteak eta Bidasoa Bizirik Garapen Agentziak elkarlanean garatutako Networking, Industria Sortzailea Bidasoa-Urola Kosta ekimenaren barruan antolatu dute saioa.

"Bi eskualdeen arteko zubiak eraikitzeko" asmoz egingo dituzte sortzaileen arteko topaketak. Ekimenaren helburua da lankidetzarako aukera berriak identifikatzea, "sormen industrietako sektoreko enpresen iraunkortasuna bermatzeko eta lehiakortasuna hobetzen laguntzeko".

Zarautzen Bidasoako gonbidatuekin apirilean egindako saioaren ondoren, bigarren topaketa jardunaldia izango da Irungoa. Hain zuzen, ostegunean, maiatzak 30, egingo dute. 17:30ean hasita, bi ordu inguruko jardunaldia izango da, Irun Factory gunean.

Dagoeneko zehaztu dituzte Urola Kosta eskualdeko zein zazpi esperientzia aurkeztuko dituzten Irunen. Hain zuzen, Martin eta Xabier Etxeberria idazleak, Angel Illarramendi konpositorea, Eneko Balerdi dantzari aiarra, Juan Mari Tolin argazkilaria, PAO PAO komunikazio eta arte grafikoko elkartea, Maialen Sarasua zinegile oriotarra eta Las Cosas de Valen osagarri artisauen enpresa izango dituzte hizpide Irunen. Beren kasu eta jardunak aurkeztu eta, jarraian, Bidasoako artistekin eta sortzaileekin esperientziak elkartrukatzeko aukera izango dute.

Urola Kostako Udal Elkartetik "eskualdeko artista eta sortzaile guztiei" luzatu diete ekimenean parte hartzeko gonbidapena. Izan ere, aurkezpen horiez gain, eskualdeko sektoreko eragile guztiei zabaldu nahi diete esperientzien elkartrukean parte hartzeko aukera. Gutxieneko bat osatuz gero, Irungo saiora joateko autobusa antolatuko du UKUEk.

Informazio gehiago eskuratzeko, 943 890 808 telefono zenbakira deitu daiteke, edo enpresa@urolakosta.eus helbide elektronikora idazteko aukera ere badago.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!