Gutxienez bikoiztu egingo da emakumezko alkateen kopurua Urola Kostan

Karkara 2019ko mai. 28a, 15:00
Aurtengo hauteskundeetan gora egin du emakume hautetsien kopuruak Urola Kostan. (Urola Kostako Hitza)

Duela lau urte 11 alkatetatik bi izan ziren emakumezkoak Urola Kostan, tartean, Nekane Arrizabalaga Aian. Hautetsien artean oreka gehiago egon zen, 133tatik 61 izan baitziren emakumezkoak. Datozen agintaldietan gora egingo du kopuruak, eta Aian zein Orion emakumezkoak izango dira alkateak.

Datozen lau urteetan, emakumezko hautetsi gehiago izango da Urola Kostako udaletan, baita emakumezko alkate gehiago ere. 2015eko udal hauteskundeetan, 133 hautetsi zituen Urola Kostak, eta horietatik 61 ziren emakumezkoak; gizonezkoak baino 12 gutxiago. Aurten indartu egin da oreka hori, eta emakumezkoak gehiago izango dira gizonezkoak baino: 137 hautetsitatik, 69 emakume eta 68 gizon, hain zuzen.

Orion, datorren agintaldian, 13 ordezkaritatik 6 izango dira dira emakumezkoak, eta 7 gizonezkoak. Aurreko lau urteetan, 5 izan dira emakumezkoak, eta 8 gizonezkoak. Aian, aldiz, 11 hautetsitatik 6 izango dira emakumeak. 2015-2019 agintaldian soilik 3 izan dira emakumezkoak.

Aldaketa nabarmenagoa da alkatetzei dagokienez. 2015ean 11 alkateetatik bi izan ziren emakumezkoak Urola Kostan. Aurten, bikoiztu egin da kopurua, eta gutxienez lau izango dira alkateak datozen lau urteetan; Aian, Orion, Aizarnazabalen eta Azpeitian.

Aian Nekane Arrizabalaga izango da alkatea datozen lau urteetan, bigarrenez. Oriori dagokionez, EH Bilduk irabazi ditu udal hauteskundeak, eta emakumezkoa da zerrendaburua, Anuska Esnal. Bigarren indarra izan den EAJ alderdiaren zerrendaburua ere emakumezkoa da, Lourdes Salsamendi.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!