Alderdiek ekainaren 15era arte dute Udal Gobernua osatzeko epea

Karkara 2019ko mai. 28a, 18:00

Aian erabakita dago zein alderdik aginduko duen udalean datozen lau urteetan. Igandean Orion EH Bildu nagusitu bazen ere, oraindik airean dago nor izango den alkatetzan. Hala, alderdiek ekainaren 15era arte izango dute Udal Gobernua osatzeko akordioak egiteko epea.

Pasa den igandean, maiatzak 26, izan ziren udal hauteskundeak. Emaitzak ikusita, alderdiek ekainaren 15era arte izango dute negoziatzeko eta akordioak egiteko epea, datozen lau urteetarako Udal Gobernua osatu ahal izateko. Ekainaren 15ean udalbatzak eratuko dituzte herriz herri, eta aginte makilak eskuratuko dituzte alkateek.

Aian Udal Gobernua erabakita

Aian dagoeneko erabakita dago zein alderdik aginduko duen udalean datorren agintaldian. EAJk irabazi ditu hauteskundeak; 549 boto jaso zituen igandean eta, beraz, alkatetza lortu du Nekane Arrizabalaga zerrendaburuak. Guztira sei hautetsi izango dituzte udalbatzan jeltzaleek: Arrizabalagaz gain, Arkaitz Iruretagoienak, Iñigo Etxabek, Miriam Sarasolak, Estibaliz Lizarretak eta Aharoa Zuloagak osatuko dute EAJren ordezkaritza. EH Bildu izan zen bigarren indarra Aian. 417 boto lortu zituen; hala, bost zinegotzi izango ditu udalean: Iñaki Telleria, Hodeiza Sallen, Aitor Arregi, Gontzal Aldai eta Irati Eizagirre.

Laburbilduz, hona hemen alderdi bakoitzaren ordezkaritza Aiako Udalean:

  • EAJ: 6 (549 boto)
  • EH Bildu: 5 (417 boto)
  • PSE-EE: 0 (23 boto)

Orion alkatetza erabakitzeke

Orion, aldiz, bestelakoa da egoera. EH Bildu izan zen nagusi udal bozetan, 1.256 boto jasota. Beraz, sei eserleku lortu ditu udalean. EAJ izan zen bigarren bozkatuena; 1.151 boto eskuratu zituen eta, beraz, bost hautetsi izango ditu datozen lau urteetan. PSE-EEk ordezkari bat izango du igandean lortutako 312 bozei esker, eta Orain taldeak ere eserleku bat izango du, igandean 277 boto jasota.

Hala, ondorengoa izango da alderdi bakoitzaren ordezkaritza Orioko Udalean:

  • EH Bildu: 6 (1.256 boto)
  • EAJ: 5 (1.151 boto)
  • PSE-EE: 1 (312 boto)
  • Orain: 1 (277 boto)

Igandeko emaitzekin, oraindik ez dago erabakita nor izango den Orioko alkatetzan. Izan ere, botoetan EH Bilduk irabazi badu ere, ez du lortu gehiengo osoa. Hori dela eta, oraindik ikusteko dago zer erabaki hartuko dituzten alderdiek datozen asteetan eta nola osatuko duten Udal Gobernua.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!