Ramadana, baraualdiaz harago, gogoetarako hilabetea

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2019ko mai. 30a, 09:30
Gariba El Ghailani eta Houda Bouaouda 2018ko 'Iftar' irekiko antolatzaileak. (Aiora LarraƱaga Solaberrieta)

Ramadan hilabetearen azken txanpan murgilduta daude Orioko musulmanak, eta datorren astearen hasieran Aid al Fitr festarekin emango diote bukaera hilabeteari.

Datorren astearen hasieran Ramadan hilabetea bukatuko du Orioko musulmanen komunitateak. Iaz Iftar ospakizun irekia egin zuten Orioko plazan, Orioko eta Zarauzko emakume musulmanek antolatuta, baina aurten ezin izango dute festa egin, antolatzaile nahikoa bildu ez direlako. "Aurtengoan Iftar irekia frontoian egitea zen gure asmoa. Orioko Udalean baimena eskatu genuen, baina azken momentuko ezustekoa suertatu zaie hainbat antolatzaileri, eta ezingo dugu festa egin. Pena handia eman digu, pasa den urtean oriotar asko bildu zirelako Iftarrera, gure erlijioa eta kultura ezagutzeko asmoz. Guretzat pozgarria da herrian kulturen artean harreman ona egotea, bizikidetzarako oso garrantzitsua baita. Iftar irekia egingo ez bada ere, adierazi nahi dugu musulman komunitatea beti dagoela irekita herriarentzat", azaldu du Gariba El Ghailani oriotarrak.

Ohiturari jarraituz, Aid al Fitr festarekin amaituko dute Ramadana, eta goizean goizeko errezoaren ondoren, gosaria egingo dute Orioko Meskitan. "Astelehenean edo asteartean amaituko da Ramadana, oraindik ez dakigu zein egunetan zehazki, ilargiaren zikloaren baitakoa baita".

Hausnarketarako tartea
Azken lau astetan, goizean goizetik iluntzera arte baraua egin dute eskualdeko musulmanek, hau da, ez dute jan, edan edo sexu harremanik izan egunean zehar. "Normalean baraualdian jartzen da arreta, baina guretzat Ramadana hausnarketarako hilabetea da. Jan gabe eta edan gabe, gutxien dutenen azalean jartzen gara, eta bizitzaz eta norbere akatsez jabetzeko eta hausnartzeko balio digu. Hobetzen laguntzen duen barne gogoetarako hilabetea da Ramadana", azpimarratu du El Ghailanik.

Egunerokoari dagokionez, baraualdia eta eguneroko eginbeharrak uztartzen saiatzen dira musulmanak. "Goizean goiz esnatzen gara, 04:30ean, eguna argitu baino lehen. Ondo gosaltzen dugu, eguna pasa ahal izateko indarra hartzeko. Iluntzean berriz, 21:30 aldean jaten dugu. Lehenik eta behin datilak jaten ditugu, esneaz lagunduta. Horrez gain, datilekin batera, Harira izeneko Marokoko haragi eta berdura sopa eta Shebbakiyya gozoak ere ezinbestekoak dira Ramadanean".

Haurrak pixkanaka ikasiz
Ohituraz, musulmanak pubertaroan hasten dira Ramadana egiten. "Neskak lehen hilekoarekin batera hasten gara eta mutilak pubertaroan, 14 urte ingururekin. Hala ere, bat-batean hastea gogorra denez, haurrei pixkanaka erakusten diegu. Asteburuak aprobetxatzen ditugu, jolas moduan haurrek ere ordu batzuetan Ramadana egin dezaten. Beraiek ere gustura egiten dute barau, gurasoak eta osaba-izebak, edo lehengusu nagusiagoak ere Ramadana egiten ikusten dituztelako. Hilabete berezia da musulman guztiontzat".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!