Iñaki Arregi beka sortu du UEMAk, "udalerri euskaldunak garatzeko" proposamenak laguntzeko

Karkara 2019ko mai. 30a, 18:00
(Orioko Udala)

Bekaren bidez "udalerri euskaldunak garatzeko proposamen zehatzak aztertzea eta abiaraztea" da Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen helburua.

Iñaki Arregi beka sortu berri du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordetzaren babesarekin. "Udalerri euskaldunak garatzeko proposamen zehatzak aztertzea eta abiaraztea" da helburua, eta guztira, bi lan lagunduko dituzte bekaren bidez. 5.000 euro bideratuko dituzte lan bakoitza garatzeko.

UEMAren hitzetan, "udalerri euskaldunak garatzea da euskararen arnasguneei sendo eusteko modu eraginkorrena". Hala, helburu hori ardatz duten proposamen zehatzak eta bideragarriak jaso nahi dituzte. "Udalerri euskaldunen garapenarekin ez ezik, soziolinguistika edukiak zabaltzearekin eta udalerri euskaldunei buruzko ikerketarekin lotura estua izango du bekak", gehitu dute. Proiektuak aurkezteko deialdia egin dute dagoeneko, eta horietako bi hautatuko dituzte, diruz laguntzeko.

Proposamenak aurkezteko epea zabalik

Uztailaren 24a izango da deialdian parte hartu eta proposamenak aurkezteko azken eguna, eta epaimahaiak irailaren 20an jakinaraziko du zeintzuk izango diren bi lan sarituak. Gerora, bi sarituek bederatzi hilabeteko epea izango dute ikerlanak aurkezteko. UEMAk azaldu duenez, 75-200 orri bitarteko txostenak osatu beharko dituzte.

Iñaki Arregiri omena

Iñaki Arregi izena jaso du UEMAren bekak. Azaldu dutenez, UEMAko koordinatzailea izan zen Iñaki Arregi Ihartza, 2010. urtean hil zen arte. "Ederki zekien UEMAren nondik norakoak eta helburuak gainontzekoei helarazten, eta UEMAren arima izan zen, sorreratik", esan dute. "Euskaltzale sutsua izan zen Arregi, eta Euskal Herri euskalduna lortzeko bidean ezinbestekoa iruditzen zitzaion UEMAren lana eta lurgunea zabaltzea".

Hona hemen Iñaki Arregi bekaren oinarriak

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!