"Aspalditik genuen Orion batukada taldea osatzeko gogoa"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2019ko mai. 31a, 09:56
Ainara Zamakola Orioko batukadako zuzendaria.

Orion nagusiki neskez osatutako batukada taldea sortu berri dute, eta Ainara Zamakola (Orio, 1992) izendatu dute taldeko zuzendari.

 

AINARA ZAMAKOLA - Batukadako zuzendaria

Nolatan sortu zitzaizuen batukada taldea sortzeko ideia?

Orioko neska talde batek aspalditik genuen batukada taldea osatzeko gogoa, baina gutako inork ez zuen horren inguruko ezagutzarik. Bestalde, aiarrei herriko festetarako batukada saioa eskaintzea bururatu zitzaien, eta Orioko Ikastolan batukada eskolak ematen dituzten Imanol Arrutirekin eta Egoitz Dorronsororekin jarri ziren harremanetan. Azken hauei gure asmoa askotan aipatu genienez, gurekin harremanetan jarri ziren, eta aiarrek eta oriotarrek elkarrekin batukada taldea sortzea erabaki genuen.

Zein da batukada taldearen helburua?
Lehen helburua ikastea izan da. Talde polita sortu dugu, eta Arrutik eta Dorronsorok erakutsi digutenarekin, ekainetik aurrera gure kasa entseatzen jarraitzeko asmoa dugu. Oraindik gauza asko ditugu zehazteko, musika tresna gehiago behar ditugun esaterako. Hala ere, gustatuko litzaiguke emanalditxo batzuk eskaintzea.

Konplexua al da batukada jotzea?
Batudakan perkusio tresna desberdinak jotzen dira, eta abesti bakoitzean tresna bakoitzak oinarrizko erritmo bat jarraitzen du. Horrez gain, abestietan zehar mozketak egon ohi dira, eta horiek txilibitoaren bitartez markatzen ditu zuzendariak. Guk hilabete hauetan musika tresnak jotzen ikasi dugu. Hasieran, denok musika tresna guztiak jotzen genituen, txandaka. Dena dela, orain erabaki dugu kide bakoitzak musika tresna batean sakontzea, eta aurrerago batzuk besteei erakusten joatea.

Zu izango zara Orioko batukadako zuzendaria. Zer dela eta hartu zenuen erabakia?
Perkusioa asko gustatzen zait, eta bateria ikasten ere ari naiz. Proposamena egin zidaten eta gustu handiz onartu nuen. Orion lehen batukada taldea al da zeuena? Orain dela urte batzuk ere egon zen beste bat. Nik batukada hartan ere parte hartu nuen, eta oso oroitzapen politak ditut; festa dezentetan jo genuen, eta oso ondo pasatzen genuen. Hala ere, entseatzeko biltzeko arazoak genituen, eta azkenean taldea desagertu egin zen.

Nork osatzen duzue gaur egungo taldea?
Ezusteko pozgarria da batukadako kide gehienok neskak izatea. Horrekin ez dut inor baztertu nahi, baina normalean deialdi irekiak egiten direnean, mutil asko baina neska gutxi animatzen dira parte hartzera. Oraingoan ez da horrela gertatu, eta azken entseguetara hogei neska inguru eta mutil bakarra azaldu gara. Gehienok emakumeak izanda, gustatuko litzaidake Orioko batukadak Martxoren 8a bezalako egunetan parte hartzea, aldarrikapenari indarra emateko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!