Hezkuntzaren erroak irribarrez ureztatuz

Karkara 2019ko eka. 5a, 12:45

1998. urtean sortu zuten Orioko Txurrumuski Aisialdi Elkartea. Ehundaka haur eta gazteren topagunea izan da ordutik, eta urtez urte ongarritu dituzte hezkuntza ez- formalaren sustraiak, elkarrekintzaren, jolasaren eta solasaren bidez.

20 urte, lau belaunaldi, dozenaka boluntario eta ehunka haur eta gazte. Hamaika bizipen, hamaika oroitzapen, hamaika sentimendu eta hamaika erronka; eta, batez ere, herrian errotutako proiektu sendo bat. Elementu horiek guztiak dira Txurrumuski Aisialdi Elkarteko kideek beren motxilan sartu eta bizkar gainean eraman dituztenak; edozein talde jardueratara bertaratzean, gainean eta gogoan izan dituztenak, bisera, eguzkitako krema eta hamaiketakoarekin batera. Ingurua eta aldameneko kidea ezagutzeko eta ondo pasatzeko irrikarekin batera. Eta ez da lan makala urtez urte taldean irribarreak marraztea.

Luzea izan da motxila horiek hartuta Txurrumuskikoek egin duten ibilbidea; eguzkipean zein euripean, udan zein neguan. Ugariak izan dira urratu dituzten bide berri eta ez hain berriak, eta ugariak baita bide horien zoruan utzi dituzten oinatzak. Oinatz txikiak, eta ez hain txikiak. Duela bi hamarkadatatik, helmuga garbia markatu du esku artean izan duten iparrorratzak. Hain zuzen, jolasa eta gozamena arma modura hartuta, balio etikoak lantzea, modu kolektiboan; mingaina arma modura baliatuta, euskaraz eta euskaratik jardutea; taldekideak ezagutuz eta zainduz, taldean haztea, heztea eta garatzea, lan boluntarioaren bidez eta elkarlanean.

Jolasa eta solasa

Xabi Ibarguren Txurrumuskiko kide ohiak azaldu duen bezala, Orioko haurren eta gazteen aisialdia "modu ludikoan antolatzea" da elkartearen helduleku nagusia, baina "pertsonen arteko balioak landuz eta indartuz" beti ere. Ibargurenen iritziz, horretan datza hezkuntza ez-formalaren sustraia, eta lanketa horrek garrantzia berezia hartzen du gazteenekin egiten denean. "Batzuetan ez gara jabetzen jolasaren bidez jorratzen ari garen balioez, ez dugu beti modu kontzientean egiten", dio Ibargurenek: "Jolasen bidez hainbat gai lantzen ditugu, beste modu batera landu ezingo genituzkeenak". Esaterako, etorkinen jolasa delakoa aipatu du taldeko kide ohiak, non haurrek jatorri desberdinetako pertsonen azalean eta errealitatean sartu behar duten, role playing bidez: "Ariketak zer pentsatua eta zer hausnartua ematen du, eta jolasaren bidez lortzen dugu hori; haurrek jolasaren bidez ehuntzen dute prozesua". Hala, Ibargurenek azaldu duenez, "elkarbizitza eta elkarrekintza balioak dira ardatz, eta, gainera, gazteek modu naturalean lantzen eta bizitzen dute hori guztia; lagun artean ekintza dibertigarriak egiten eta gozatzen, eta horren atzean dagoen proiektua guztiz ikusi edo irudikatu gabe".

Beraz, Ibargurenen iritziz, ez da erraza elkarteak osatzen duen proiektu osoa lehenengo unetik atzematea; eta are zailagoa da kanpotik begiratzean: "Kanpotik ikusten dena gazte talde bat da, jarduerak eta egonaldiak antolatzen dituena, haurrekin txoko batetik bestera joaten dena. Baina hortik harago doa".

Azalean geratu daitezkeen bizipenetatik urrun, azalean gantzututako bizipen ikusezinak izan daitezkeenak bilatzen dituzte Txurrumuskin, hartu-emaneko harremanak eta ikaspenak jopuntu modura hartuta: "Haur modura asko ikasten da, baina boluntario modura ere bai, taldekideen bidez zein haurren bidez. Norabide guztietan jasotzen eta ematen dugu; etengabe doan eta bueltan datorkizun zerbait da esku artean izaten duguna. Txurrumuskin landutako guztia gurekin dator gero, eta gurekin geratzen da", gaineratu du Ibargurenek.

20 urte, proiektu bat

Orioko hainbat gaztek 1998. urtean erein zituzten Txurrumuski sortzeko lehen haziak. 2006. urtean egoeraren diagnosia egin zuten aisialdi taldeak eta Orioko Udalak; hala, Gaztelekua sortzeko proiektua jarri zuten martxan. 2007. urtean eraiki zuten egun Ametsa Gaztelekua dena, eta udalak lehiaketa publikora atera zuen gunearen kudeaketa.

Txurrumuski lehiaketara aurkeztu zen, eta elkartearen 10. urteurrenean, 2008. urtean, bere esku geratu zen Gaztelekuaren kudeaketa. 2012. urtean ere lehiaketa publikoa irabazi zuen Txurrumuskik, eta ordutik elkartea arduratzen da kudeaketaz. Ludotekaren funtzionamendua ere bere gain dago.

Egun, 21 boluntariorekin, 2-16 urte bitarteko haur zein gazteei zuzendutako eskaintza zabala antolatzen du Txurrumuskik, adin desberdinetako kideei begira osatutako programak eginez. Esaterako, uda sasoian, 2-3 urteko haurrentzako Uda Txokoa prestatzen dute; 3-9 urtekoentzat ere udalekuak izaten dira; 12 urtera artekoek Gazte Abenturetan parte hartzeko aukera izaten dute; eta 16 urtera artekoentzat Gaztelekuan izaten dira jarduerak. Hala, une honetan, 300 haur eta gazte ingururen aisialdia hartzen du bere gain Txurrumuskik udan.

Elkarlanaren adreiluak

Dena den, Ibargurenen hitzetan, aisialdiaren munduan egindako lanetik harago doa Txurrumuskiren jarduna, herriko kultur espazio gehienetan eta bestelako eremuetan jarri dituzten adreiluak ekarri baititu gogora: "Txurrumuskik urte luzez parte hartu du festa batzordean, herriko jaietako egitarauan, ikastetxeetako egitasmoetan eta proiektuetan, Olentzeroren etorreran, Errege Magoen kabalgatan eta abar. Aisialdiaz gain, elkarteak asko eman dio herriari, figura hori beti egon da presente", gehitu du.

Hala, aisialdiarekin zein kulturarekin lotutako eremuetan "modu batean edo bestean" izandako parte hartzea aintzat hartuta, herritarrek lan horri "dagokion balioa ematea" eskatu du Ibargurenek: "Hori zor diogu Txurrumuskiri".

Gainera, boluntarioek osatutako talde bat izateak balio erantsia ematen diola nabarmendu du elkarteko kide ohiak: "Benetan gustatuko litzaidake Txurrumuskiren jarduna herritarrengana iristea, eta beraiek ikustea eta hausnartzea taldekideek modu boluntarioan egiten dutela herriari begirako lan hori guztia. Garrantzitsua iruditzen zait funtzionatzeko modu horren inguruko kontzientzia hartzea".

Gogoko tokian ez omen da aldaparik. "Begiraleak atsegin handiz bertaratzen dira Txurrumuskin antolatutako edozein jarduera edo irteera egitera, baina azpimarratzekoa da modu boluntarioan egiten dutela berez lan profesional bat dena", dio Ibargurenek: "Txurrumuskiren ekintzetara egunez egun joaten den boluntario batek, eginkizun horretan benetan sinesten duelako jarraitzen du lanean". Beraz, mundu eta lan egiteko modu ikuskera horren "potentzialitatea" mahai gainera atera du Ibargurenek.

Zikloen hasierak eta jarraipenak

20 urte, lau belaunaldi, dozenaka boluntario eta ehunka haur eta gazte. Ibargurenek haurra zenean izan zuen lehen harremana Txurrumuskirekin, antolatutako ekintza eta jardueretan parte hartuz. Antolatzaile izatera pasatu zen aurrerago, boluntario lanetan murgildu baitzen gaztetan. Elkarteko lehendakari ere izan zen.

Egun, kanpotik bizi du Txurrumuski izeneko zurrunbiloa. Zikloen hasierak, jarraipenak, amaierak edota aldaketak barnebiltzen eta irensten dituen zurrunbiloa. "Denboran aurrera doan elkarte bat da Txurrumuski, baina bertatik pasatzen den jendea pasatzen dela ere, proiektuarekin aurrera egiten duena. Taldearen oinarriak bere horretan jarraitzen du, eta proiektua eta helburuak mantendu egiten dira", adierazi du Ibargurenek: "Hori da Txurrumuskiren berezitasuna eta daukan altxorra".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!