Kukuarri astea egunez egun

Karkara 2019ko eka. 6a, 12:00

Usadioari jarraituz, aurten ere maiatzeko azken igandean ospatzen den Kukuarri eguna aitzakia hartuta, Talai Mendi elkarteak Kukuarri astearen 6. edizioa antolatu du. Herritarrek hainbat ekimenez gozatzeko aukera izan dute maiatzaren 21etik, 26ra bitartean.

Asteari hasiera emateko, maiatzaren 21ean, asteartearekin, Motondo ingurua garbitzeko plana antolatu zuen elkarteak. 17:00etan abiatu zen dozena bat boluntario plazatik, eremua garbitzera, batzuk oinez besteak bizikletan. Talai Mendik eskularruak eta poltsak banatu zituen eta parte hartzaileek inguruan aurkitu zuten zaborra bildu zuten: "Gehienak ontzi arinak izan ziren, baina 3 pixoihal eta besaulki bat ere jaso genituen gure harridurarako", azaldu dute Talai Mendi elkarteko kideek. Jarduera horrekin Talai Mendik kontzientzia sortu nahi du oriotarren artean: "Azaldu nahi dugu mendira edo edozein natur guneetara joaten garenean zaborra ez dela lurrera bota behar, natura zaindu behar dugula, alegia!".

Ospakizunarekin jarraituz, maiatzaren 22an, asteazkenarekin, Slacklinean ibiltzeko aukera jarri zuen Talai Mendik plazan. Haur eta gazte ugari bildu ziren kirola probatzeko asmoz. Helduak ez ziren ausartu ordea!

Hurrengo egunean, ostegunez, orientazio proba izan zen GOT taldearen laguntzarekin. Bakarka, familian edo taldean parte hartzeko aukera bazen ere, hurbildu ziren haur eta gaztetxoek taldeetan banatuta hartu zuten parte, gurasoak arduradun zituztela. 21 taldek eman zuten izena guztira, 100 bat ume elkartu ziren. Aurtengo saioan, 45 minutu izan zituzten herrian zehar balizak aurkitu eta ahalik eta puntuazio gehiena eskuratzeko. Olaskoagatarrak izan ziren 21 puntu lortu zituztenak, atzetik 20 punturekin beste hiru talde lehian: Orioko bostak, Oinez-oinez eta Bost onenak. Merienda goxoaren ondoren, oparien zozketa izan zen.

Ospakizun astea aurrera, maiatzaren 24an ostiralarekin Menditour film-emanaldia eskaini zuten Kultur Etxean. Herritarrek Bilbao Mendi Film Jaialdiko hiru lan ikusteko aukera izan zuten, 21:30etik aurrera. Wallmapu, Viacruxis eta This mountain life ikus-entzunezkoak eskaini zituzten hitzorduan. Jatorrizko hizkuntzan hirurak, azpidatziekin. Sarrerak, dohan ziren, baina aurretik eskuratu beharrekoak, denbora gutxian agortu ziren den-denak. Menditour-ek barnebiltzen dituen lan guztiek dute ardatz mendia; hala nola mendizaletasuna, eskalada, eskia edota parapentea. Zinemaldiko kideen arabera, "maina eta aurrekontu indartsuekin" egindako lanak dira, irudiei, gidoiei zein argazkigintzari dagokienez.

Larunbatean, hilaren 25ean, Kukuarri astearen amaituz, arratsaldeko 16:00etan hasita 19:30era bitartean herriko adin guztietako haurrek Kiroldegiko rokodromoa erabiltzeko aukera izan zuten, baita elizako paretan eskalatzeko eta yumareatzekoa ere. Gaztetxo ugari bildu zituen ekintzak, gustora ibili ziren paretan gora eta behera bertaratu zirenak.

Aste osoan motorrak berotu eta gero, azkenean, maiatzaren 26an, igandearekin, Kukuarri eguna ospatu zen. Urtero bezala, mendira igoera antolatu zuten Talai Mendi elkarteak. Eguraldia lagun izan ez bazen ere, herritarrak animatu ziren gurutzeraino igotzen.

Goizeko 10:00etan izan zen irteera plazatik, gora igotzean euria eta behe-lainoa izan ziren lagun. Urtero bezala Joxemari sakristauak otoitzaldia egin zuen. Ondoren, Talai Mendi elkarteko kideek hamaiketakoa eskaini zieten bertaratu zirenei: salda beroa eta txistor pintxoak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!