"Kantatu zidan poemaren doinua berarekin joan zen"

Karkara 2019ko eka. 6a, 10:00

Oihana Alkortak 2005ean olerki bat oparitu zion Alex Tello lagunari. Hamalau urte geroago Galerak (Gaztelupeko hotsak) diskoa argitaratu dute Alkortaren omenez. Poema hura izan da proiektuaren hazia.

Pasa den maiatzaren 17an Oihana Alkorta abeslariaren heriotzaren 12.urteurrena izan da. Alex Tellok, beste musikari batzuekin batera Galerak, Oihana Alkortaren poema baten segida lan kolektiboa argitaratu du, artistaren omenez. Sorkuntzan parte hartu dute Ignacio Arakistain eta Lucia Arzallus piano-jotzaileek, Aitor Gorosabelek, Labrit Zabalak, Jon Gurrutxagak, Xabi San Sebastianek, eta Couple, Bihozkada eta Natali taladeek, besteak beste.

Hasierako hazia

Oihanak eta Alexek duela 14 urte ezagutu zuten elkar, Zarautzen, tabernari lanetan. Musikaria zendu baino bi urte lehenago opari bat egin zion Alex Tello lagunari: "Igande arratsalde batean, bere poema bat abestu zidan, horrekin letra bat egingo ote nion galdezka". Tellok poema horren baitan zirriborro batzuk egin eta istorio bat osatu zuen hurrengo hilabeteetan. Gordeak zituen, haiekin zer egin jakin gabe.

"Ezbeharraren ondoren Orion omenaldia egin zioten lagun eta senideek, eta poemak bertan partekatzeko gonbita egin zidaten, ez nintzen atrebitu. Ordutik ibili naiz olerkiekin zerbait egin nahian". Bidean, Ignacio Arakistainekin egin zuen topo, ondoren, Lucia Arzallusekin. Oihana Alkortaren poema hura ardatz harturik proiektuari hasiera eman zioten: "Oihanak oparitu zidan poema haren doinua berarekin joan zen, ez genuen inon grabatuta. Baina ez zait inoiz ahaztuko ze indar eta distirarekin kantatzen zuen". Behin lanean hasita, Arzallusek poema musikatu zuen. "Abestuta entzun nuen lehen aldi hark, igande arratsalde hartara eraman ninduen".

Lehen poema hura izan zen bi urte eta erdian jorratu duten proiektuaren hazia. Hasieran diskoarekiko Telloren ideia zerbait intimoa eta polita sortzea zen; pianoa, ahotsa eta olerki errezitatuak. "Prozesuan zehar bira bat eman genion ideia horri, musikari askok hartu dute parte, nire lagunak, Oihanaren lagunak... Jende askoren proiektua bihurtu da".

Alkortaren arima diskoan

Galerak entzuten duenak fikziozko istorio poetikoak lantzen dituzten Jazz eta Pop estiloak atzemango ditu hasieran, amaiera aldera Rock doinuak. "Lagun galduaren ezinezko bilaketaren historia kontatzen dute kantuek, Oihanaren poeman konprimituta dagoen kontaketa ireki dugu eta dramaturgia bat hartu dute letrek. Dena da poema bat".

Hasieran kutsu tristea hartzen du diskoak, kantuak aurrera joan ahala alaitasuna ageri da: "Oihanaren bizitza ezagututa fikzio hau guztiz bat dator berarekin, trama bat da istorio hau, bere bizitzan drama asko egon zen baina aldi berean oso pertsona alaia zen bera, diskoa bezala".

Oihanaren Zure oihuak heltzean olerkiak ematen dio hasiera 13 kantuz osatutako diskoari, Onintza Manterola, Alkortaren lagun min oriotarrak jarri dio ahotsa. Bederatzigarren kantua, berriz, Airean idazten dizkizut da, Oihana beraren ahotsean, Kilometroak 2004rako osatu zuten bilduman berak egindako ekarpena. Itsasoari buruz mintzatzen da bertan.

Hasiera berri bat

Alexek kantaria ezagutu zuenean, jada, Benito Lertxundi eta Urko abeslariekin kantatzen zueneko etapa atzean utzia zuen. Poema oparitu zionean, hasiera berri baten bila zebilen, berriz ere kantatzera bueltatzeko asmoz. "Artista puska bat zen, ez zegoen lehen lerro horretan, baina ikaragarrizko berezko talentua zuen, merezi zuen. Egia da, ordea, askotan maila gorenean daudenak bakarrik omentzen ditugula, beste mailakoei arreta handirik jarri gabe". Proiektu honekin, aldi berean, Oihanaren alde artistikoa aldarrikatu nahi izan du. "Batzuk ez dute arrakasta bilatzen, besteek badute talentua baina ez dira maila gorenera iristen".

Galerak taula gainean

Diskoarekin batera, omenaldiak Usurbilgo Sutegin jarraitu zuen. 2018ko azaroak 10ean kontzertua eskaini zuten proiektuan parte hartu zuten musikari gehienek: "Kontzertua oso polita izan zen, kantuekin batera CDan dauden ilustrazioak proiektatu ziren baita poemak errezitatu ere, dantzariarekin batera... Ikuskizun bihurtu genuen diskoa, apala baina aldi berean handia".

Emanaldia osorik grabatu eta Galerak diskoarekin batera salgai jarri dute DVD-a. "Oso emaitza desberdinak lortu ditugu batarekin zein bestearekin. Diskoa askoz intimoagoa da, kantuak bakarrik ditu, eta zuzeneko ikuskizunak indarra du, elementu artistiko ugarirekin".

Pasa den urteko azarotik orain arte ez dute beste kontzerturik eskaini. "Ondo legoke aukera izatea, Orion ere ikuskizuna osorik aurkeztea aukera polita litzakeela uste dugu. Baina lan handia da zuzenekoa mugitzea. Lucia eta Ignacio egia esan gogoz daude horretarako. Oriotik deituko baligute, gu prest azalduko ginateke, baina parte hartzaile asko gara eta behar teknikoetan bakarrik... ez da merkea izango".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!