Sutan dantzan

Mikel Iruretagoiena 2019ko eka. 7a, 12:16
'Sutan dantzan' diskaren azala.

Julen Alonsok, 'Sutan dantzan' diskoa argitaratu zuen pasa den neguan. Hona hemen Mikel Iruretagoienak KARKARAren 406. zenbakirako idatzitako kritika.

Azken urteotan ohituak geunden Julen Alonso Euskal Herriko hainbat trikitixa txapelketatan ikusten, baina oraingo honetan ezusteko polit bat eman digu bere kanta propioekin osatutako diskoa aurkeztu digunean.

Sutan dantzan izena du diskoak, baina ez dabil Julen suarekin jolasean. Soinua ezin hobeto menderatzen du Julenek, eta ondo daki zer egin instrumentua esku artean hartzen duenean. Soinu txikia jotzeko duen gaitasun apartaz baliatuz hamar kanta berri ekarri dizkigu bere diskoan, Julenek berak konposatuak denak.

Hor aurkituko ditugu fandango eta arin-arinak, baita balts eta bestelako erritmoak ere, zenbait unetan Kepa Junkeraren hasierako disko haiek gogoraraziko dizkigutenak. Trikitixa soilez egindako kantuak batzuetan, beste instrumentu batzuez lagundutakoak bestetan, baina protagonista nagusia trikitixa dela beti ere. Bi hitzetan esanda, trikitixarekin egindako trikitixa-disko autentiko bat.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!