Pinuen ondoren, eukaliptoa?

Karkara 2019ko eka. 6a, 17:00

Eneritz Odriozolak eta Arturo Elosegik KARKARAren 406. zenbakirako idatzitako iritziak, 'Sokari tiraka' atalean.

Eneritz Odriozola

Pinus radiata da espeziearen izena. Hamarkadatan gure basoetan nagusi izan dena, monolaborantzak eta baso kudeaketa intentsiboak aginduta. Lur-jabe eta egur-zaleek egur txarra denbora motzean eskura izateko aukeratu izan da espeziea. Eta, hala izan dadin, bidelagun izan dute administrazioa Gipuzkoan eta Bizkaian. Administrazioa eta bere eskutik joan diren ikerlariak. Baina bukatu da, antza. Pinus radiata-ren urrezko urteak bukatu dira. Urrea banda marroi bihurtu da. Pinudietan gaixotasun.

Gaitza ez da bat- batean etorri. Urteak dira hemen dugula. Eta zer egin du administrazioak? Beste aldera begiratu, edo arazoa ezkutatu.

Pinudi zirenak matarrasa bihurtzen ari zaizkigu, lur aske, luizi iturri. Eta geratzen diren pinudi apurrak salbatzeko, EAE osoa oxido kuprosoz estaliko digute. Jakinda fumigazio horrek ez duela pinudietako gaixotasuna erradikatzen, eta fungizida generikoa izanda, onddo guztiei egiten dietela kalte. Eta, harago joanda, anfibioei, lurreko faunari, ur ekosistema guztiei.

Gureak diren beste hainbat zuhaitz espezieri lekua kendu genien aspaldi. Abereentzat belardiak behar genituelako. Beranduago, lur-jabeek negozioa ikusi eta espezie arrotzei bidea ireki zieten, radiata kasu. Eta zuhaitz autoktonoen basoak eremu babestuetara mugatu genituen. Denborarekin, garbi geratu da ez dela basoen kudeaketa egokia egin. Eta, oraindik, espezie inbaditzaile bati basoen monopolioa emateko prest gaude. Izan ere, administrazioak pinuari ordezkoa topatua dio jada: eukaliptoa.

Badakit asko daukazula esateko gai honetaz, Arturo. EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean urteak daramatzazula eukaliptadien eragina aztertzen. Badakit ere interesetatik eta azpijokoetatik kanpo ibiltzen zarela. Ez al da kezkatzeko egoera?

Arturo Elosegi

Arrazoi duzu, Eneritz, egoera kezkagarria da. Esan duzun bezala, hogeita bost urtetik gora egin ditugu nire taldean eukaliptadiek erreketan duten eragina aztertzen. Motzean esateko: eukaliptoek eragin oso kaltegarria dute erreketako biztanleengan zein ekosistemaren funtzionamenduan.

Errekak guztiz lotuta daude beren arroarekin, eta erreketako bizidunen bazka nagusia ertzetik erortzen zaien orbela da. Eukaliptoak, ordea, orbel gutxi, kalitatez oso txarra eta bizidun askorentzat toxikoa askatzen du. Eta eukaliptopean doazen erreketan askoz xomorro gutxiago topatzen ditugu, alegia, arrainen bazka nagusia eskastu egiten da.

Horrez gain, ekosistema osoaren funtzionamendua aldatu egiten da, eta hara iristen den orbela, baita kalitate onekoa iristen bada ere, erabili ezinik geratzen da. Baina txarrena zera da, eukaliptoa hamabi urtetik behin mozten dela. Aipatu dituzun matarrasa horiek hamabi urtetik behin.

Gure lanez aparte, Euskal Herrian ikusi izan da eukaliptoak kalte handiak egiten dizkiela anfibio eta hegaztiei. Eta kanpotik datozen berriak ez dira hobeak: eukaliptoak ura lurrean sartzea zailtzen du, uholde-arriskua handituz, suteak errazago zabaltzea dakar, eta beste hainbat arazo sortzen ditu ingurumenean.
Pinua gainbehera doan honetan, ongi pentsatu beharko genuke nolako etorkizuna nahi dugun Euskal Herrirako. Administrazioak pentsatu beharko luke, baina baita jende arruntak ere, azkenean bere erabakia baita leku batean zer sartu eta zer ez. Egoera honetara ekarri dituztenei kasu egiten jarraitu behar dute, ala beste zerbait pentsatzen hasiko dira? Azken urteotan Portugal eta Galiziatik iritsi zaizkigun irudi negargarrietatik ez ote dugu ezer ikasi?

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!