Udal Elkartea neurtzen ari da, kultura eta sormen alorrek eskualdean duten eragin sozioekonomikoa

Karkara 2019ko eka. 10a, 12:45

Sektoreko adierazle sozioekonomiko zehatzak jasotzeko galdetegi laburrak diseinatu ditu UKUEk.

2017an hasi zen Urola Kostako Udal Elkartea eskualdeko Kultura eta Sormen Industrien (aurrerantzean KSI) sektorea suspertzeko lanean. Hainbat ekimen garatu dituzte urteotan; guztiak "sektorearen ikusgaitasuna areagotzeko eta sektorea saretu eta profesionalizatzeko asmoz".

UKUEtik azaldu dute, azpimarratzekoa dela, aurtengoan, ekimenak eman duen "jauzi kualitatibo bikoitza". Alde batetik, KSI sektorea bestelako sektore ekonomiko tradizionalekin uztartzeko ekimenak egin dira. "Lankidetza sarea zabaldu, sektore arteko zubiak eraiki eta KSI esparrutik abiatuta, bilatu da sektore ekonomiko tradizionaletan eragitea". 

Bestetik, egitasmoa Urola Kostako eskualdeaz harago zabaldu da. Ildo horretan, nabarmentzekoa da Bidasoa Bizirik Garapen Agentziarekin elkarlanean garatutako “Networking, Industria Sortzailea Bidasoa-Urola Kosta” proiektua. "Erabat emankorrak izan dira bi eskualdetako sortzaile, artista, eragile eta sektoreko enpresen arteko topaketak; ahalbidetu da lankidetza aukera berriak identifikatzen, baita sektoreko eragileen lehiakortasuna hobetzen ere". 

Adierazle sozioekonomikoak jomuga
Hiru urteko lanketaren ondoren, ekimenak garatu eta horiek baloratzeaz gain, KSI sektoreak eskualdean duen eragin sozioekonomikoa neurtu nahi du Urola Kostako Udal Elkarteak. "Jakin nahi dugu KSI sektoreak zenbaterainoko inpaktua eragiten duen, eskualdeko kulturaren zabalkundeari dagokionez, ekonomiaren sustapenari erreparatuz eta gizarte kohesioan izan dezakeen eragina ikertuz".

Horretarako, KSI sektoreak eskualdean duen egoera ezagutu nahi dute, eta adierazle sozioekonomiko zehatzekin sektorearen argazkia osatu, "etorkizuneko politiketan kontuan hartzeko sektorea izan dadin". Hala, Urola Kostako Udal Elkarteak, 5 udalerrietako udalen babesarekin, ekin dio kultura eta sormen alorrek eskualdean inpaktu sozioekonomikoa neurtzeari.

Galdetegiak; 4 eredu
Sektoreko adierazle sozioekonomiko zehatzak jasotzeko galdetegi laburrak diseinatu ditu UKUEk. Lau galdetegi mota sortu dituzte: sortzaile-artistentzat, sektoreko enpresentzat, museoentzat eta gainerako kultur eragile eta erakundeentzat.  "Eskualdean, modu batean edo bestean, KSI sektorean dabiltzan ahalik eta eragile gehienengana iristeko helburuz diseinatu dira galdetegi zehatz eta laburrak. Erraz eta azkar erantzuteko inkestak dira, eta gainera, online egiteko modukoak".

Hona hemen inpaktu sozioekonomikoa neurtzeko prestatutako galdetegiak:

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!