Web posizionamendua hobetzen ikasteko ikastaroa antolatu du UKUEk

Karkara 2019ko eka. 17a, 16:00

Ikastaroaren bidez, interneteko bilatzaileetan beren "webguneen posizionamendua hobetzen" ikasiko dute "ekintzaileek eta enpresari txikiek". Google Analytics tresna ere landuko dute. Ikastaroan parte hartu nahi dutenek aldez aurretik eman beharko dute izena.

"Ekintzaileei eta enpresari txikiei" zuzendutako beste ikastaro bat antolatu berri du Urola Kostako Udal Elkarteak. Oraingoan, helburua da bertaratzen direnek interneteko bilatzaileetan beren "webguneen posizionamendua hobetzen" ikastea, horretarako, "kontuan izan beharreko gako tekniko zein semantikoak" landuz. Google Analytics tresna erabiltzen ere ikasiko dute ikastaroan parte hartzen dutenek; izan ere, web orrialdeetako bisita kopurua ezagutzeko aukera ematen du.

Ekiten, ekintzaile eta enpresarien ekosistema egitasmoaren barruan antolatu dute ikastaroa, eta saio bakarrekoa izango da; ekainaren 19an, hain zuzen. 09:30etik 13:30era izango da, UKUEren egoitza nagusian, Zarautzen.

UKUEk azaldu duenez, honako gaiak aterako dituzte mahaira ikastaroan:

  • Zer da posizionamendua? Bilatzaileak. Nola bilatzen dugu informazioa interneten?
  • Web orrialdeen posizionamendua hobetzen duten oinarrizko alderdi teknikoak: domeinuak, meta-etiketak, eta abar.
  • Web orrialdeen posizionamendua hobetzen duten oinarrizko alderdi semantikoak: gako-hitzak, eta abar.
  • Linkbuilding: web orrialdeen posizionamendua hobetzen duten estrategiak, web orrialdeetatik kanpo.
  • Googleren Analytics-en oinarrizko ezaugarriak.

Saioan parte hartu nahi dutenek aldez aurretik eman beharko dute izena; UKUEra bertaratuta, 943 890 808 telefono zenbakira deituta, edota jpino@urolakosta.eus helbidera mezu bat bidalita.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!