Egoitzetako langileen borrokak ez du etenik

Karkara 2019ko eka. 18a, 17:00
Apirileko greban langileek autokarabana egin zuten Oriotik Azkoitira.

ELAk deituta, atzotik uztailaren 12a arte, beste 26 eguneko greba deialdia dute erresidentzietako eta eguneko zentroetako langileek. Urola Kostan aste honetan egingo dituzte mobilizazioak.

Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileen gatazkan beste 26 eguneko greba deialdia egin du ELA sindikatuak. Hala, atzo hasita, eta uztailaren 12ra arte, greba egunak egingo dituzte Gipuzkoako erresidentzietako eta eguneko zentroetako langileek.

Greba egun horietan eskualdeko mobilizazioak antolatu dituzte, eta Urola Kostari dagokionez, hauek izango dira datozen egunetako ekintzak: 

  • Ekainak 19, asteazkena: Azkoitiko parroki aurrean kontzentrazioa, 12:00etan.
  • Ekainak 20, osteguna: Kotxe karabana eskualdeko herrietan zehar. Zarauzko Astin aterako dira, 10:00etan.
  • Ekainak 21, ostirala: Zarauzko udaletxe aurrean kontzentrazioa, 19:00etan.
  • Ekainak 22, larunbata: Zumaiako Magnolio aurrean kontzentrazioa, 19:30ean.

Sindikatutik adierazi dutenez, greba txanda berri honen helburua argia da: “Gipuzkoako Aldundiak bere gain hartzea duela hilabete bat ELAk patronalekin lortu zuen akordioa”. Atzo bertan, Aldundiaren aurrean egin zuten elkarretaratzea erresidentzietako hainbat langilek. “Aldundiak du gatazka hau konpontzeko eskumena eta gaur egun arte arduragabekeria osoz jokatzen ari da. Aurreko astekoa adibide argiena da, Eusko Jaurlaritzak deituriko bilera batetara, patronalak eta sindikatuak agertu eta Aldundia espreski deitua zegoena ez zen agertu”, adierazi zuten.

Gipuzkoako zahar-egoitzetako eta eguneko zentroetako 5.000 langileren lan baldintzak arautzeko negoziazioaren defentsan ari dira. 2017an ekin zitzaion negoziazioari.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!