Mintzalagun programaren 10. urteurrena ospatzeko ekitaldia egingo dute ostegunean, Zarautzen

Karkara 2019ko eka. 19a, 09:00

Mintzalagun egitasmoak 10 urte bete ditu Urola Kostan, eta urteurrena ospatzeko ekitaldi berezia egingo dute ostegunean, Zarauzko Modelo aretoan. Hainbat sari ere banatuko dituzte.

Mintzalagun programak 10 urte bete ditu aurten Urola Kostan. Hala, ikasturte bukaerako ekitaldi berezia egingo dute ostegunean, ekainak 20. Zarauzko Modelo aretoan izango da ospakizuna, 19:00etatik aurrera.

Urola Kostako Udal Elkarteak azaldu duenez, "ekitaldi xume bezain hunkigarria izango da". Azken 10 urteetan egindako ekintzen argazkiak erakutsiko dituzte, "hainbat ekintza gogora ekartzeko". Bestalde, zenbait sari ere banatuko dituzte parte hartzaileen artean, eta jatekoa eskainiko dute.

"Ospakizun ekitaldira gonbidatuta daude modu batean edo bestean 10 urteotan ekimenean parte hartu duten guztiak: bidelariak, bidelagunak eta antolatzaileak", adierazi dute UKUEkoek. "Jakina, ongietorriak izango dira eskualdeko herritar eta euskatzale guztiak ere".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!