Gaurik luzeenaren zain

Karkara 2019ko eka. 20a, 17:00

Udari ongietorria festa giroan emango diote hainbat txokotan. Aiako Iturriotz auzoan jaiaz gozatzeko aukera izango da asteburu osoan, eta Orion, suaren bueltan dantza eginez agurtuko dute uda.

San Joan eguna entzunda uda etortzen zaio jendeari gogora, eta uda entzunda, festa giroa. Honezkero eguraldi onari probetxua aterata egongo dira batzuk; agerikoa da hondartza zaleentzat, sorosleentzat eta aparkalekuentzat dagoeneko hasita dagoela uda. Urteko sasoien hurrenkerari jarraituz, ordea, oraindik iristear da udako solstizioa.

Bizi-ohiturak eta lan egiteko modua urteen poderioz asko aldatu diren arren, kontu batzuek berdin jarraitzen dute. Aintzina, udako eguraldi onari eta uzta oparoari ongietorria egiteko eta negu hotzeko izpiritu ilunak erretzeko ospatzen zen San Joan gaua. Egun, gehiengoak uzta onik espero beharrik ez duen arren, kutsu bera mantendu du Euskal Herrian. Eta, nola ez, tradizioari lotutako zeremonia gehienetan egiten den bezala, festa giroan ospatuko dituzte San Joan bezpera eta haren aurretik eta atzetik dauden egunak.

Orion suaren bueltan dantzan egingo diote ongi etorria udari, igandean. 21:30ean Kosta tailerretik irtengo dira Sorgin Taldeko kideak, eta kalejira egingo dute herriko kaleetan barrena. Ondoren, dantza emanaldia eskainiko dute Ikastolaren aurreko plazan, San Joan suaren inguruan.

Jai giroa Iturriotzen

Aiako Iturriotz auzoan asteburu osoan zehar izango da ospakizunetarako eta jai giroan murgiltzeko aukera, baita asteartean ere, ekaitzaren kontrako eta auzoan hildakoen aldeko mezarekin eta haren ostean egingo duten hamaiketakoarekin. Festarako aukerarik, beraz, ez da faltako datozen egunetan. Gainera ostiral berezia izango da biharkoa askorentzat, haur gehienek, behintzat, ikasturtea amaituko dute.

Bihar, ostirala

  • 21:30. XXIV. Mus Txapelketa, Izurtzu erretegian. Bikoteko 30 euro ordaindu behar da. Sariak: bikote txapeldunarentzat, txapela eta garaikurrak, bi lagunentzako afaria Katxina txakolindegian eta 100 euro; bigarrenarentzat, garaikurrak, bi lagunentzako afaria Errota jatetxean eta 60 euro; hirugarrenarentzat, bi laguntzeko afaria Izurtzu erretegian, bi txanpain botila eta 40 euro; eta laugarrenarentzat, bi lagunentzako afaria Aristerrazu jatetxean eta bi txanpain botila.

Ekainak 22, larunbata

  • 09:00. Baserri bisita, auzoko baserrietan.
  • 22:30. Izer eta Alabierrekin erromeria.

Ekainak 23, igandea

  • 18:30. Mirari eta Aintzanerekin erromeria.

Ekainak 24, astelehena. San Joan eguna

  • 10:30. Meza, umeen eta loreen bedeinkapena.
  • Ondoren, herri kirolak: auzoko gazteak eta Asier Pellejero eta Unai Zabala aizkolariak.
  • Jarraian, Irazu eta Peñagarikano bertsolariak eta Tapia eta Leturia eta Elustondo anai-arrebak trikitilariak.
  • Segidan, bazkaria.
  • 22:30. Tapia eta Leturia eta Elustondo anai-arrebekin erromeria.

Ekainak 25, asteartea

  • 12:00. Meza, ekaitzaren kontra eta auzoan hildakoen alde.
  • Ondoren, hamaiketakoa.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!