"Ordezkaritza handiena izanik, UKUEren gidaritza EH Bilduri dagokiola ulertzen dugu"

Karkara 2019ko eka. 21a, 16:00

EH Bildu da Urola Kostako Udal Elkartean ordezkari gehien lortu dituen taldea; hain zuzen, 33. Hala, "gidaritza hartzea" dagokiela adierazi dute gaurko agerraldian, eta datozen asteetan gainontzeko alderdi politikoekin bilduko direla iragarri dute.

Maiatzaren 26an izan ziren udal hauteskundeak, eta alkatetza bat izatetik, hiru alkatetza izatera pasatu da EH Bildu: Getarian, Orion eta Zumaian. Aian eta Zarautzen ere koalizioaren aldeko boza eman duten herritarren kopurua hazi egin da: "Zinegotzi bana gehiago izango dugu agintaldi honetan", azaldu du Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak.

Iragan larunbatean izan ziren kargu hartzeak udaletan, eta aurki osatu beharko dute Urola Kostako Udal Elkartea ere. Azken bozetako emaitzak eskutan, une honetan EH Bildu da UKUEren eraketa berrian ordezkari gehien izango dituena; hain zuzen, 34. EAJk 33 hautetsi izango ditu, PSE-EEk 4, Ahal Dugu-EquoBerdeek 1, eta Orain Oriok 1.

Hala, Aiako, Zarauzko, Zumaiako, Orioko eta Getariako EH Bilduko ordezkarien gaurko agerraldian, adierazi dute bilera errondari ekingo diotela datozen asteetan: "Ordezkaritza handiena izanik, ulertzen dugu guri dagokigula UKUEren gidaritza hartzea, eta horregatik, datozen asteetan alderdiekin elkarrizketa erronda bat zabalduko dugu, UKUEren zuzendaritza zehazteko eta datozen urteetarako lan-lerro nagusiak adosteko", esan du Ostolazak.

Hamaika lan-lerro mahai gainean

Bestalde, Udal Elkartearen "garrantzia mahai gainean jarri" dute koalizioko kideek: "Askotan herritarrei ezezaguna zaien arren, zuzen-zuzenean eragiten diguten erabakiak hartzen dira bertan". Adierazi dute amaitu berri den agintaldian EH Bilduk "lan handia" egin duela bertan; "mankomunitatea osatzen duten bost herrietako herritarren eta batez ere gazteen eta emakumeen lan-baldintzak hobetzeko, birziklatze-tasak ahalik eta gehien igotzeko, euskararen erabilera areagotzeko eta gure eskualdearen erakargarritasun turistiko bilakatzeko, edota gizarte zerbitzuen bidez herritar guztiei erantzuna ematen saiatzeko".

Datorren agintaldiari begira, azaldu dute "enpleguaren duintzean eta egonkortasunean sakontzen jarraitzea" izango dutela ardatz. Euskararen arloari dagokionez, UKUE eta UEMAren arteko hitzarmena "indartzen jarraitzeko" asmoa azaldu dute, "turismoan arreta jarriz". Horretaz gain, "gizarte arloko hainbat zerbitzu" eskualde mailan landu beharra dagoela nabarmendu dute; hala nola, "adinekoen eguneko arreta zerbitzua edota bazterkeria egoeran dauden pertsonei zuzendutako eguneko eta gaueko arreta zerbitzua".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!