"Musika egitea soinketa egitea da burmuinarentzat"

Karkara 2019ko eka. 25a, 10:00
(Urola Kostako Hitza)

'Do Re Ni' proiektuan musika da ardatza, emozioak eta ikaspenak zeharkatzeko tresna modura. Metodoaren bidez "emaitza miragarriak" lortu dituela dio Xabier Lizaso sortzaileak, eta horiek "zientifikoki frogatzeko" lanetan ere murgildu da: "Musikak presentzia lortu du zientzian". Musikak zahartze aktiboan duen eraginaren inguruko ikerketa bat martxan jartzea du helburu.

Musika, dantza, antzerkia, kirola, baina batez ere, emozioak. Do Re Ni izeneko proiektuan, tresnak dira elementu horietako batzuk, eta helburua besteak. "Andoni Egañak izendatu zuen egitasmoa, eta izenak izatea adierazten duela uste dut", dio Xabier Lizaso ikertzaile eta piano-jotzaileak. Elementu eta ertzen arteko dantza etengabean, musika du ardatz Do Re Nik. Eskoletan landu dute batez ere, ikasleekin.

Abestea, dantza egitea, gorputza mugitzea edota adieraztea arma modura hartuta, pertsonen "era guztietako gaitasunak" lantzea da proiektuaren asmoa, "emozioen" mundua zeharkatuz eta ukituz. Lizasoren arabera, "emozioekin lotura bat eraikitzean barneratzen ditugu ondoen ikaspenak", maila positiboan zein negatiboan: "Esaterako, bihurgune batean autoan mugimendu zakarra egin, ia norbait jo eta sustoa hartzen badugu, ez dugu inoiz bertan egin beharreko mugimendu egokia ahaztuko, eta bertatik pasatzen garen bakoitzean oroituko dugu".

Emozioak eta gorputza

"Emozioak tartean daudenean, gure gorputzean oso sakonean geratzen dira ikaspenak", adierazi du Lizasok: "Hori du Do Re Nik. Guztiz emozionala dela. Hori da indargunea, sentimenduekin egindako loturak. Saio emozionalak dira batez ere, eta horregatik geratzen dira bakoitzaren sakonean, barruan".

Musika, dantza edota kirola horretarako "tresnak" direnez eta ez "helburua", "presioa" baztertzea lortzen dutela dio Lizasok: "Berdin du ondo edo gaizki kantatu, ondo edo gaizki findu. Egiten duten ariketa ahalegin bat da ondo edo gaizki egin, eta ahalegin hori egitean, garunak sekulako lana egiten du". Beraz, modu horretan, emozioak zein ikaspenak lantzeaz gain, "garuna osasuntsu mantentzea" lortzen dela azaldu du oriotarrak. "Musika burmuineko soinketa dela diote batzuek; musika egitea, dantza egitea, soinketa egitea da burmuinarentzat".

Oinarri zientifikoaren bila

Orain, Do Re Nik oinarri duen metodoaren emaitzak "zientifikoki frogatzeko" lanetan murgildu da Lizaso. Azken urteetan, mundu mailan musikaterapiaren inguruko azterketak gero eta ohikoagoak direla dio ikerlariak: "Musikak presentzia lortu du zientzian". Azaldu du, ikerketa zientifiko batzuen arabera, hiru egoeratan besteetan baino askoz lan gehiago egiten duela garunak: lo gaudenean, begiak itxita ditugunean, eta musika egitean. "Horren zergatiak ez daude argi oraindik".

"Nik neuk ere hasieran musika nuen helburu nire proiektuetan, baina ikusi nuen, bilatu gabe, musikaren bidez sekulako emaitzak lortzen nituela, miragarriak batzuk", dio Lizasok: "Begiak ireki nituen, eta pixkanaka, ikerketa munduan sartu nintzen, prozesu horietan zer gertatzen den jakiteko". Hala aurkitu zituen Alemanian, Japonen edota Kanadan egindako azterketa neurozientifikoak: "Beraiek lortutako emaitzak zein ondorioak eta nik nire proiektuetan ikusitakoak oso antzekoak ziren". 

Adibide modura, Gasteizko eskola batean eskainitako emanaldi bat aipatu du Lizasok: "Nik jolasak egiten ditut nire saioetan. Gasteizen, jolasetako bat zen doinu bat entzutea, begiak itxita. Amaieran, doinua entzutean pentsatutakoa edo sentitutakoa azaltzeko aukera zuten ikasleek, eskua altxata. Abestia amaitu zen, eta haur batzuek eskua altxatu zuten hitz egin ahal izateko, tartean, mutiko batek. Irakasle bat zegoen bere atzean, eta keinuka behin eta berriz eskatu zidan haur horri emateko hitza. Berak hitz egin zuen, eta xume-xume kontatu zigun amarekin amestu zuela eta zer etorri zitzaion burura. Amaitzean jakin nuen haur horrek ez zuela lehenago sekula hitz egin eskolan, mututasun selektiboa zeukalako".

"Hori ez da kasualitatea. Musika jolaserako testuinguru batean erabiltzean, presiorik gabe, emaitzak lortzen dira". Gaixotasun kronikoei edota kognitiboei dagokienean ere eragina antzekoa dela diote ikerketa zientifiko batzuek. Hala, Lizasoren esanetan, musikaren bidez emaitza harrigarriak ari dira lortzen zenbait gaixotasun tratatzean.

Mundu ez hain berri bat

Oinarri zientifikoaren bilaketari heldu dio Lizasok, eta psikiatrian eta bestelako eremu zientifikoetan aritzen diren hainbat kiderekin batera, ikerketa berri bat martxan jartzeko erronka du parez pare. "Musikak zahartze aktiboan duen edo izan dezakeen eragina" aztertzea da asmoa, zahartze prozesua eta osasuna uztartzea ipar.

Hala, bilera irekia antolatu zuten Orion ekaina hasierarako, azterketaren nondik norakoak azaltzeko eta bertan boluntario modura parte hartzera dei egiteko. Lizasoren arabera, jende asko bertaratu zen, eta gaiak "jakinmina eta interesa" piztu dituela dio.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!