'Correos, arauak eta robotak'

IƱigo Fernandez 2019ko eka. 26a, 10:15

Iñigo Fernandezek KARKARA 407 zenbakian partekatutako iritzia.


Euskalduna eta jatorra ematen du, baina ez dizu eman nahi zuen amaren izenean iritsi den gutun zertifikatua. Baimen orria sinatuta ekarri behar duzula. Baina nola sinatuko du oporretan baldin badago? Momentuan bertan, nortasun agiriaren bi argazki bidali dizkizu amak watxapez, erakutsi dizkiozu Correoseko emakumeari, baina ezetz, horrek ez duela balio. Esan diozu nahi badu jarriko duzula amarekin telefonoz. Ezetz. Erregutzen diozu, garrantzitsua dela gutuna, tontakeria litzatekela burokrazia kontutxo bategatik hura jaso gabe uztea. Eta Correosekoa berriro hasten zaizu dena errepikatzen. Dagoeneko ez dakizu pertsona batekin ala robot batekin ari zaren.

Sistema da, sistema. Gero eta burokrazia gehiago dago, denean. Arauak, papeleoak, prozedurak, mugak. Langile bakoitzak bere ardurak estuki bete behar, zigorren beldur. Bankuak ordu jakin batzuetan bakarrik eskainiko dizkizu zerbitzu asko. Legea alde dutela jarraitzen dute jendea etxegabetzen astero. Orioko hondartzara zoazen bakoitzean bost kamerek grabatzen zaituzte. Gaztetxoak bizikletan kaskoa jantzi behar dute legez derrigortuta. Txakurrak lotuta bizi behar du. Errefuxiatuei itsasoan laguntzea ilegala da. Moilan bainatzea debekatuta dago.

Ez da egia dena pixkanaka hobera doanik. Eta txarrena, askotan, ez da sistemaren logika zentzugabea, baizik eta arauak zintzoegi onartu edo areagotzen dituztenen jarrera. Gauzak errazteko baino, legeak estu betetzeko dauden burukarratu edo robotena.

Batzuk ohartu dira gehiegizko araudiak enpresen “ekimena eta mugimendu askatasuna” murriztu egiten dituela. “Estresa” ekartzen omen die enpresei, eta “hazkundea” eragotzi. Gorbatadunek arinduko dituzte arauak diruaren joan-etorria errazteko, ziur. Baina nor arduratuko da hankabiko arrunton “estresaz”, “mugimendu askatasunaz” eta “hazkundeaz”?... Kritikotasun apur bat beharko dugu, arauzale edo araujale baino gehiago, zentzudunak izaten jarraitzeko.

Correosekoak langile fina izan nahi du, eta agian bururatu zaio enpresan gora abisua ematea: eskaini behar luketela moduren bat internet bidez-edo baimena emateko. Ea hor ere bizitza errazteko bide berriak sortzen dituzten, eta ez muga gehiago. Bestela, pauso honetan, kexatzeko kemenik ere ez zaio geldituko bere ordez robotak jartzen dituztenean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!