Datuak babesteko araudiaren inguruko tailerra antolatu du UKUEk enpresentzat

Karkara 2019ko eka. 27a, 16:30

Indarrean dagoen araudia landuko dute ikastaroan parte hartzen duten enpresek. Bi saio eta turoretzak izango dira.

2016. urtean argitaratu zuten Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, eta 2018. urtean jarri zuten martxan. Bestalde, 2018. urteko abenduan, Datuak Babesteko eta Eskubide Digitalen Bermerako Lege Organikoa ezarri zuten. Hala, une honetan, enpresa orok egokitu behar du araudi berrira.

Urola Kostako Udal Elkarteak azaldu du enpresa guztientzat ezinbestekoa dela "araudi berriak eskatzen dituen printzipioak, neurri teknikoak eta antolakuntza arloko neurriak ezartzea", "pertsonen eskubideak eta datuen segurtasuna eta informazioa bermatzeko".

Araudi berriaren inguruko tailerra antolatu berri du UKUEk, enpresei "bidea errazteko"; informazioa, prestakuntza eta aholkularitza eskainiko dizkiete bertaratzen direnei.

Bi saio eta tutoretzak

Zortzi orduko tailerra izango da, eta bi saio barnebilduko ditu; uztailaren 4ean egingo dute bata, eta 11n bestea. 09:30etik 13:30era izango dira bi saioak. Ordubeteko bi tutoretza saio ere eskainiko ditu UKUEk.

Gazteleraz izango da tailer guztia, eta besteak beste, datuak babesteko printzipioak, datuak babesteko agentzia, ekintza planaren garapena edota kasu praktikoak landuko dituzte parte hartzaileek. Bestalde, ikastaroa amaitzean, datuak babesteko segurtasun dokumentua egokituta izango dute parte hartu duten enpresa guztiek.

Plaza mugatuak dira, eta beraz, tailerrean parte hartu nahi dutenek aldez aurretik eman beharko dute izena,  943 890 808 telefono zenbakira deituta edota enpresa@urolakosta.eus helbidera mezu bat igorrita. Parte hartzailearen izen-abizenak eta enpresaren izena atxikitu beharko dira mezuan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!